Aiako VII. Mendi Lasterketa antolatu du kirol elkarteak otsailaren 25erako

Karkara 2018ko urt. 16a, 18:34
Argazkia: Aritz Mutiozabal.

15 kilometroko proba izango da, herriko plazan hasi eta leku berean amaituta. Otsailaren 23a bitarte eman daiteke izena, kirolprobak.com helbidean.

Zazpigarrenez, Aiako Kirol Elkarteak otsailaren 25erako antolatu du Mendi Lasterketa.  Goizeko 10:30ean Aiako herriko plazatik hasi, eta 15 kilometroko ibilbidea egin ondoren, leku berean amaituko da lasterketa.  Duela lau urtetik, ibilbide bera  du lasterketak: Arreta aldera abiatuko dira lasterkariak, eta Olarteta Gainera igoko dira ondoren. Murugul Gaina pasa ostean, Artetxotara jaitsi, eta Sagastizabal zeharkatuta iritsiko dira berriz ere Aiako herriko plazara. Eguraldia lagun badute, parte hartzaile guztiekin hamaiketakoa egingo dute, plazan bertan.

Juan Mari Aldai kirol elkarteko kidearen hitzetan, lasterketa zaila ez izanagatik, hasiera gogorra du probak: "400 metroko desnibela dago lehenengo 3 kilometrotan. Garrantzitsua da korrikalaria abiatzerako berotuta egotea". Gerora, ordea, Pagoetako parke naturalean barrena sartuko dira korrikalariak, eta inguru guzti hori "oso polita" dela uste du Aldaik: "Ezagutzen ez duen jendeari izugarri gustatzen zaio parajea". Aiako Kirol Elkarteak egun zazpi kide inguru baditu ere, boluntarioen lanari esker antolatzen dituzte probak. Lasterketa honetan, zehazki, 20 boluntario izango dira mendiko bidegurutzeetan; eta beste hainbeste helmugan, dutxetan eta kontsignan.  

Izen-ematea, zabalik
Otsailaren 23ra arte izango da lasterketan izena emateko aukera, kirolprobak.com helbidean. Txip horiarekin, 15 euroko kostua izango du eta txip horirik gabe, 18 eurokoa. Izena emateko, 16 urte baino gehiago izan behar direla jakinarazi dute antolatzaileek; eta ez da beharrezkoa izango kirol talde bateko kide izatea.
400 lasterkarirentzako kupoa prestatu dute, eta otsailaren 23rako betetzen ez bada, egunean bertan ere izango da izena emateko aukera; 25 euroren truke. Aurreko urteetako datuekin alderatuz, iazko lasterketaren parte hartzea "izugarria" izan zela gogoratu du Aldaik: "300dik gora parte hartzaile izan ziren, eta horietatik 290 korrikalarik lortu zuten helmugara garaiz iristea".  

Inguruko herrietako lasterkarien parte hartzea errazteko, frontoiko eta eskolako dutxak irekiko dituzte. Arropa gordetzeko zerbitzua ere izango da, herriko Kultur Etxean.

Lehenengo hiru gizonezko eta emakumezkoentzat ordainsaria izango da, baina parte hartzaile guztiek eramango dute Aiako kutixiekin osatutako saskia. Horretaz gain, parte hartzaileren batek orain arteko marka hobetzen badu, aparteko saria izango du. Gizonezkoetan  1:07:07an dago marka, eta emakumezkoetan, 1:21:21eko denboran.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!