Walther Becerrak eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi dute Aiako mendi lasterketa

Karkara 2018ko ots. 25a, 20:11

Aiako Kirol Elkarteak antolatuta, mendi lasterketa jokatu da gaur goizean. 15 kilometroko proba izan da, herriko plazan hasita eta leku berean amaituta.

Bi minutuko aldearekin irabazi du Walther Becerra sestaoarrak Aiako VII. Mendi lasterketa, gizonezkoen mailan. Ordubete eta zazpi minutuan osatu du proba, eta bere atzetik, bigarren postuan, Ruben Ruzafa aizarnazabaldarra helmugaratu da. Podiumeko hirugarren postuan, aldiz, Joseba Diaz azkoitiarra geratu da; ordubete eta hamar minutuko markarekin.

Emakumezkoetan, berriz, Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra izan da nagusi. Ordubete eta 20 minututan amaitu du lasterketa, eta 5 minutuko aldea atera dio bigarrenari, Vanessa Pelaez andoaindarrari. Alizia Olazabalek osatu du podiuma, ordubete eta hogeita zortzi minutuko markarekin.

Hodei Alkorta izan da Aiako lasterkarien artean lehena. Zortzigarren postua lortu du, eta ordubete eta hemezortzi minutu behar izan ditu helmugara iristeko. Sailkapen osoa ikusgai dago jada, kirolprobak.com webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!