Ekintzaz betetako abentura, 120 gazteko espedizioak

Urumeako Kronika 2018ko mar. 1a, 12:32

Euskal Herrian zehar egingo dute EuskarAbentura uztailean, Santiago Bideari segika eta, tartean, Altxerriko kobak bisitatuko dituzte. Parte hartzeko, euskerarekin lotutako lan bat aurkeztu behar dute, 16 eta 17 urteko gazteek.

Uztailean, 120 gazte euskaldunek osatutako espedizio batek, Euskal Herriko zazpi probintzi­ak zeharkatuko ditu, Santiago Bideari segika eta Unescok giza­teriaren ondare izendatutako tokietatik pasata.

EuskarAbentura egitasmoa izango da hori, Ruta Quetzal ze­nak inspiratuta martxan jarri dutena. 16 eta 17 urteko gazteei dago zuzenduta, 2000 eta 2001 urteetan jaiotakoei, hori delako «gauzak deskubritzen eta heldutasunean definituko gaituzten esperientziak bizitzen ditugun momentua. Gainera, gazte garaian harreman berri asko egiten dira, eta oso garrantzi­tsua da horietako hizkuntza ohituretan eragitea», azaldu du Irati Labaienek, EuskarAbentu­rako kideak. Izan ere, hori da egitasmoaren helburuetako bat, euskeraren normalizazioan eragitea.

Euskeraz dakien edozein gaztek, parte hartzeko aukera

Euskeraz jakitea da, hain justu, baldintza bakarra. Zazpi probin­tzietako eta diasporako gazte euskaldunek osatuko dute espe­dizioa, eta ez da matrikula kuotarik ordaindu beharko, baina bai hautaketa prozesu bat gainditu.

www.euskarabentura.eus webgunean, izenemate orria betetzearekin batera, motibazio gutun bat eta lan bat bidali beharko dute gazteek. Lan hori egiteko, hiru gai jarri dituzte aukeran: Euskara eta zure he­rria, Euskara eta emakumeak, eta Euskara eta itsasoa. Baina lanak ere, mota ezberdinetakoak izan daitezke, «talentu ezber­dineko gazteak» erakartzeko asmoz: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala edota ikus­entzunezkoa. Webgunean dago informazio guztia.

Aurkezteko epea martxoaren 18an bukatuko da, eta Eus­ko Ikaskuntzarekin batera la­nak ebaluatu ondoren, apirilaren 16an jakinaraziko dute, zein 120 gaztek hartuko duten parte.

Altxerriko kobak, ibilbidean

Euskal Herrian zehar egingo dute EuskarAbentura uztailean, Santiago Bideari segika eta, tartean, Altxerriko kobak bisitatuko dituzte. Espedizioa, uztailaren 1ean abia­tuko da Mauletik, oinez, eta Do­ni­bane Garazitik pasata, Iru­ña­ra iritsiko dira. Handik Vianara joango dira, eta bertatik autobusez Donemiliaga Kukulara; han ikusiko dituzte, orain arte aurkitu diren euskerazko idazki zaharrenak. Handik Añana Gatzagara igo eta Barnealdeko Santiago Bidea hartuko dute, Iruneraino. Tre­nez Baionara joango dira, gero, eta hortik aurrera, kostako bi­dea hartuko dute, Donos­tia eta Bilbo igaro eta Getxoko Bizkaia zubian bu­ka­tzeko, hilaren 31n. Bidean, Unescok gizateriaren ondare izendatutakoak igaroko dituzte: Santiago Bidea bera, San­ti­ma­miñeko kobazuloak, Ekain­go leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaiako zubia. Gainera, egun bakoitzean, ekintza desberdinak burutuko dituzte: museoak bisitatu, kirol txapelketak, eztabaidak, autonomia hitzaldiak...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!