Belaunaldi arteko abesbatza sortzen ari da Lardizabalgo Guraso Elkartea

Karkara 2018ko mar. 13a, 15:42

Ekainaren 16a bitarte, hilabetean behin elkartuko dira Aiako Kultur Etxean. Abesbatzarekin adinarteko harremana bultzatu nahi dute Guraso Elkarteko kideek.

Goazen abestera, Gozatuz abestu eta abestuz gozatu! proiektua abiatu du Aiako Lardizabal Eskolako Guraso Elkarteak, belaunaldi arteko abesbatza sortzeko asmoz. Ekainera bitarte entseguak egingo dituzte hilean behin Lardizabal Eskolako haur, gazte eta helduak; eskolako jaialdian emanaldia eskaintzeko. 

Eñaut Solaguren Guraso Elkarteko kidearen hitzetan, Pedagogia Batzordean izan zuten abesbatza sortzearen ideia: "Zortzi lagun inguru elkartu ginen batzordean, eta aurten martxan jarri daitezken proiektuen proposamenak egin genituen: ikastaroak, hitzaldiak, ekintzak... Guraso Elkarteak duen denbora eta indarra kontuan izanik, abesbatza sortzearen proposamena iruditu zitzaigun guztiooi egingarriena". Horretaz gain, adinarteko harremana "galduta" dagoela uste du Solagurenek; eta harreman horietan sakontzeko proiektu aproposa iruditzen zaio.  

Proiektua martxan jartzeko, bizpahiru bilera egin zituzten ondoren. Ekainera arte, hilabetean behin entseguak jarri zituzten. Ostiralean, martxoaren 9an, elkartu ziren lehenbizikoz; 22 heldu eta 20 haur. Apirilaren 13an, maiatzaren 11n eta ekainaren 15ean, eskolako jaiaren bezperan, elkartuko dira hemendik aurrera Aiako Kultur Etxean, arratsaldeko 19:00etan. Alabaina, eskolako jaian parte hartzeko ez ezik, elkarrekin abestu eta "ongi pasatzeko" baliatu nahi dituzte hitzorduak. 

Zortzi  familiako taldea dute egun Lardizabalgo Guraso Elkarteko koordinazioan. "Guraso Elkaretak antolatzen dituen ekintza ezberdinak kudeatzen dituzte bertan", dio Solagurenek. Urtean zehar, ekimen andana antolatzen dituzte: Talo jana, gaztaina jana, Gabonen bueltako ekintzak...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!