N. Arrizabalaga: “Elkarrizketa gutxi dago bi alderdien artean, ez dago ekarpenik.”

Karkara 2018ko mar. 31a, 10:30

Alkategai independentea izan zen Aiako EAJren zerrendan 2015eko hauteskundeetan. Hiru urte betetzera doaz geroztik eta, legealdia amaitzen ari den honetan, alkate izateaz eta beste hainbat gaiez hitz egin digu Aiako lehen emakumezko alkateak.

Nekane Arrizabalaga
Aiako alkatea

Hiru urte beteko dira laster Nekane Arrizabalagak –Aia, 1972– alkate makila hartu zuenetik. Bi urte egin zituen zinegotzi aurreko legealdian eta, aurretik, Foru Aldundian ere aritu zen lanean. Lehen aldia izan du, ordea, udalaren gidaritza hartzen, horrez gain, Aiako lehen emakumezko alkatea izan da.

Zergatik politikan?

Momentuan martxan zeuden proiektuak gustatu zitzaizkidalako sartu nintzen politikan, herriari gauza positiboak eskaintzeko aukera genuela ikusten nuen. Hori izan zen erabakia hartzeko indarguneetako bat.
Eta pentsatu nuen: zergatik ez? Herrian gaude, bizi osoa hemen daramagu eta herriarengatik borroka egiteko nahi hori beste indarguneetako bat izan zen.

Lehen legealdia duzu alkate. Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Hasieran, guztia bezala, zaila izan zen. Ilusioz beteta hasi nintzen, lehen esan bezala, esku artean genuen proiektuetan sinesten nuelako. Ilusioarekin lanean hasten zara eta horrek aurrera egiteko gogo handia ematen dizu.

Baina zinegotzi zarenean beti alkatearen atzean zaude. Bere itzalean zaude, babesa ematen, baina bera da lehen ilaran dagoena. Alkate zarenean zu zeu pasatzen zara lehen ilara horretara eta momentu batzuetan gogorra ere bada.

Aiako lehen emakumezko alkatea izatean, gai hori ere askotan buruan nuen bueltaka. Ez dut tratu desberdinik izan dudanik nabaritu, baina ezinbestean buruan izandako kezka da.

Halere, hasiera gogorra izan arren, denborarekin eroso sentitu naiz. Gauzak ateratzen joan direla ikustean eroso sentitzen hasi nintzen.

Zinegotzi izatetik alkate izatera pasa zinen. Desgastea eta nekea al dakartza alkate izateak?

Ez nuke desgastea edo nekea denik esango, desberdina da. Alkatea zarenean, horretara zaude eta dedikazioa eskatzen dizu. Beste lan batean zaudenean ere konpromisoa hartzen duzu eta aurrera egiten duzu, ba hemen berdin. Momentu zailak eta pozgarriak daude, denetik. Ilusioak eta konpromisoak aurrera joaten laguntzen dizu.

Abenduan onartu zenituzten 2018ko aurrekontuak. Zer azpimarratuko zenuke?

Gure legealdi hasierako proiektu handiena Lardizabal eskola izan zen, gure helburua eskola osotasunean amaitzea zen. Horrek inbertsio handia izan zuen aurrekontuetan, proiektu txiki asko geldirik egon ziren, batez ere auzuneetan. Behin eskola amaituta, auzoetan zeuden beharrei begira jarri ginen iaz: Santio-Errekan haur parkea egin genuen, Urdanetan frontoia eraberritu genuen... Azpiegituretan ere jarri genuen fokua: baserri bideetan inbertsioak egiteko konpromisoa daukagu urtero.

2018ra begira, iaztik hasita, gure proiektu indartsuenetako bat Andatzako auzo elkartea da. Auzo elkartearen proiektua bi fasetan banatzen da: lehenengoa, auzo elkartea eratzea, burutu dugu dagoeneko eta, bigarren fasean, erabilera anitzeko gune bat sortzea aurreikusten da. Andatzako pilotalekua ere berritzeko beharra dago.

Bestalde, aurrekontuetan ez da hainbeste islatzen, baina badugu beste proiektu bat eskuartean. Gaztelekua txiki geratzen ari zitzaigun eta espazio falta handia zegoen. Lardizabal eraikin zaharra hutsa geratu zenean, udalekuak han egin ziren eta pixkanaka gazteak gune hori erabiltzen hasi ziren. Horrela, gazteleku horri forma ematea da gure asmoa. Horrekin batera, hamasei urtetik gorako gazteentzat ere espazio bat sortzeko proiektua dugu.

Turismora ere bideratu duzue partida bat. Zein da Aiaren lekua Urola Kostako turismo eskaintzan?

Dinamizazio plan bat sortzea da partida horren helburua. Nekazal etxeak, ekoizleak eta herrigunera etortzen den turismo familiar hori lotu nahi ditugu, bisitariak herrigunean eta auzoetan gera daitezen. Herriak dituen baliabideak, azpiegiturak eta eskaintzak ezagutzera ematea dugu helburu, jatetxe, landetxe eta sektoreko beste enpresen elkarlanaren bidez. Zaila da Aia Urola Kostako turismoan sartzea, gu mendian gaude eta ez kostan, baina guk ere badugu gure tokia eta hori ezagutarazi nahi dugu.

Oposizioak aurrekontuen kontra bozkatu zuen, egindako ekarpenak ez zirelako kontuan izan.

Guk gure proiektuak eta garrantzitsuak iruditzen zitzaizkigun inbertsioak mahai gainean jarri genituen eta EH Bildu gonbidatu genuen, beti bezala, ekarpenak egitera. Aurten ekarpenak egin dituzte baina ez dugu adostasunik lortu. Urtero partida bat izaten dugu inbertsioetarako eta aurten murriztu egin behar izan dugu kirol-gune batean ekaitzagatik arazoak sortu zirelako eta inbertsioa hori konpontzera bideratu behar izan genuelako. Nik uste dut horregatik eman zutela ezezko botoa.

Nolakoa da bi alderdien arteko harremana?

Guk gehiengo absolutua dugu baina gai guztiak gobernu batzordetik pasatzen ditugu, eta hasieratik eman zitzaion oposizioari ordezkariak izateko aukera. Guk ez dugu inongo eragozpenik gardenagoak izateko eta gure proposamenak gobernu batzordean eztabaidatzeko. Hori izan da gure apustua hasieratik, herriak gu bozkatu gaitu eta berak ere bai.
Elkarrizketa gutxi dago bi alderdien artean, ez dago ekarpenik ezta posiziorik ere. Guk gobernu batzordera eramaten ditugu gaiak, bertan eztabaidatzeko. Horretarako dago mahai hori eta nik uste dut EH Bilduk hori aprobetxatu beharko lukeela. Zoritxarrez, ez dut uste hori denik EH Bilduren helburua, gure lana fiskalizatzen daramate legealdi osoa beren egitasmoei uko eginez.

Udal erabakietan parte hartzeko zailtasunak izaten dituela esan du EH Bilduk.

Ez dut ulertzen, oso erosoa da hori esatea. Hor dago gobernu batzordea, hor dago gure gonbita eta hori da erabakiak hartzeko mahaia. Guk ezin dugu irekiagoak izan, baina beren posizioa parterik ez hartzea da.

Auzo asko ditu Aiak, ez da zentralizatutako herria. Zein da auzoekin lan egiteko modua?

Auzoetako bizilagunek, zerbait dutenean, zuzenean Udalera deitzen dute normalean, baina bilerak ere egiten ditugu auzoetan. Aurtengo datak oraindik ez ditugu jarri, baina iaz auzoz auzoko bilera erronda egin genuen eta oso positiboa izan zen. Auzotarrek guri esateko zer duten jakiteko balio digute bilera horiek; guk beraiei entzuteko, haiek guri baino gehiago. Eta gauza interesgarriak atera dira hortik: Santio-Errekako haur parkea, auzoetatik udaleku irekietara herrigunera etortzeko autobusa...

Kooperatibaren gaiarekin tirabirak izan dira legealdi honetan. Enpresari ordainketa modura plazako eraikina eman zion udalak. Prozedura hori egokia ez dela aipatu izan du EH Bilduk, epaitegietara ere eraman du gaia.

Hori gobernu batzordean hitz egiteko gaia zen baina aldizkarien bidez jakin dugu salaketa jarri digutela. Mahai politikoan hitz egin beharrean epaitegietara jo dute, eta hirugarren pertsona batek erabakiko du orain. Guk gure aldetik gauzak ongi egin ditugula sinesten dugu eta epailearen erabakiaren zain gaude. Nire ustez herriari onura izugarria eman diogu: kooperatibaren eraikina oso gaizki zegoen, langileak ere modu prekarioan ari ziren lanean eta, nola ez, hezkuntzarekiko egin dugun apustua ere garrantzitsua izan da.

Eskola berria martxan dago. Zer balorazio egiten duzue?

Oso ona, garbi zegoen eskola berri baten beharra zegoela, espazio faltagatik. Emaitza oso positiboa izan dela uste dut. Eskolako zuzendariak hobeto egingo liguke balorazio bat, baina gure inpresioa oso ona da. Hezkuntzarekiko apustu handia izan da, guretzako oso garrantzitsua baita herriko haurrek herrian bertan ikastea, bizia ematen dio eta etorkizuna lantzen ari gara.

Ameztiko eraikinaren gaia epaitegietan dago. Babes bereziko eremua izanik, eraiki al daiteke leku eta tamaina desberdineko eraikinik originalaren ordez?

Lehen esan dudan bezala, epaitegietan dagoen gai bat izanik hirugarren baten esku dago erabakia. Guk defendatzen dugu ondo eginda daudela gauzak. Berriz ere berdinera goaz, gure artean mahai politiko batean gauzak hitz egin ordez epaitegietara jo dute. Azken erantzuna, beraz, epaileak eman beharko du. Are gehiago horrelako soka luzea dakarren gai bat izanik. Eraikinarekin baino politikarekin lotutako gai bat bihurtu dela iruditzen zait, lerro politiko garbia hartu du.
Gainera, aipagarria da gobernu batzordean Ameztiko eraikinaren lizentzia landu zenean Bilduk alde bozkatu zuela.

Hauteskundeak datorren urtean izango dira. Aurrera begira, zer?

Azken urtean gaude eta amaiera prozesuan bete-betean gaude: programan genituen proiektu gehienak aurrera eraman ditu eta falta zaizkigunak martxan jarri eta bukatzen ari gara.

Hasieran galdetu didazu ea zergatik nagoen politikan. Gehien maite ditudan pertsonen bultzadagatik sartu nintzen politikan, haiek esandako hitzengatik eman nuen pausoa. Proiektuengan sinesten nuen, baina behar nituen hitz magikoak esan zizkidana ama izan zen. Eta garbi daukat: konpromiso bat hartu dut eta horrekin bukaerara arte egingo dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!