Errekor saiakera eta harri jasotze txapelketa izango dira apirilean Aian

Karkara 2018ko mar. 27a, 11:51

Iparragirre azpeitiarrak eta Eizmendi zarauztarrak egingo dute errekor saiakera apirilaren 8an. Hilaren 15ean txapelketa jokatuko dute zazpi harri-jasotzailek.

Bi harri jasotze proba antolatu ditu Aiako Idi Probak Elkarteak apirilerako. Batetik, errekor saiakera egingo dute Josu Iparragirre azpeitiarrak eta Jokin Eizmendi zarauztarrak apirilaren 8an, igandean. 213 kiloko harri errektangularrarekin egingo du saiakera Iparragirrek, hiru minutuko txandan. Eizmendik 200 kiloko kubikoarekin egingo du beste saioa. Jaialdia 18:00etan izango da Aiako probatokian eta beste hainbat harri-jasotzaileren erakustaldiarekin osatuko dute:

  • Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Peñagarikano 163 kiloko zilindro zaharrarekin, bi minutuko saioa.
  • Iñigo Eizagirre Eiza, Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV 113 kiloko kubikoarekin, bi minutuko saioa.
  • Txanda librea 100 kiloko bolarekin, 3 minutuko saioa.
  • Udane Ostolaza 50 kiloko errektangularrarekin, hiru minutuko saioa.
  • Jakes Iruretagoiena, hiru harriren erakustaldia.

Harri-jasotze txapelketa

Apirilaren 15ean, igandean, harri-harri jasotze txapelketa izango da 18:00etan Aiako probalekuan. Zazpi harri-jasotzailek hartuko dute parte: Iñigo Eizagirre Eizak, Mikel Lopetegi Urrak, Gorka Etxeberriak, Sebastian Martikorenak, Jostxo Urrutiak, Inhar Urruzunok eta Julio Jimenezek.

Txapelketan, bakoitzak nahi duen harria erabiliko du eta, hiru minutuko hiru txandatan, kilo gehien jasotzen dituena izango da txapelketako irabazlea. Proba horiek Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko ditu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!