Zuntz optikoa instalatzen ari dira Aian

Karkara 2018ko api. 6a, 14:56
Argazkia: Jabier Zabaleta

Iniziatiba Aiako Udalarena izan ez arren, udaletxetik erraztasunak eman zaizkie enpresa pribatuei, zuntzak udalerrian ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan.

 

Aian zuntz optikoa instalatzen ari dira egunotan. Interes komertzialak dituzten enpresa pribatuak ari dira txertatze lanak gauzatzen, eta horregatik, jarduera honek ez du Aiako Udalaren diru-laguntzarik jaso; dena den, udaletxetik prozesua gertutik ari dira jarraitzen. Mikel Iradi Udaleko aparejadorearen hitzetan, Udalak erraztasunak eman nahi dizkie zuntza instalatzen duten enpresei, finean, Aia guztira zabal dezaten.

2018an zehar, Movistarrek zuntza Santiagoerreka eta Andatza auzoen inguruetan ezartzeko asmoa du. Orioko zuntz optikoaren base nagusia tren geltoki inguruan dagoenez, Euskaltelek Ubegun industriaguneraino du txertatua sistema, eta orain, Udalak emandako baimenari esker, Maier enpresa pareraino zabalduko dute. 

Zuntz optikoak banda zabalera handia du, eta horri esker, informazio kopuru handia garraia dezake; ohiko telefono linea arrunta baino kalitate hobea eskaintzeaz gain, telekomunikazioetan ez du interferentzia edo zaratarik sortzen. Interneten nabigatzeko abiadura azkarra ziurtatzen du, eta gaur egun, interaktibitate handiena eskaintzen duen teknologia da.
Ahulguneak ere baditu: materiala oso arina eta mehea da, baita hauskorra ere. Ondorioz, ongi babestu behar da hainbat estaldurekin. Kostua ere orain artean erabili diren sistemak baino altuagoa du, garestiagoa da.

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!