Irune Elizagoien: "Guretzako leku inportantea da Aristerrazu"

Karkara 2018ko mai. 4a, 15:42
Elizagoien Aizpak Aristerrazun. (Argazkia: Ibon Errazu)

Andatza auzoko Aristerrazun erromeria sasoiak aurrera jarraitzen du. Igandean, maiatzaren 6an, Elizagoien ahizpak trikitilariak ariko dira erromeria girotzen, 18:30etik 21:30era bitartean. Plaza kuttuna du Etxalarko (Nafarroa) trikitilari bikoteak.

Aristerrazu gustuko plaza dute Elizagoien ahizpek. Trikitilari bikotea Irune (1993, Etxalar) eta Itsaso (1995, Etxalar) Elizagoien ahizpek osatzen dute. Antzako Erromeria Elkarteak antolatutako erromeria girotuko dute igandean.

Aristerrazuko oholtzan ariko zarete igandean, zer da Aristerrazu zuentzat?
Egia esan, Aristerrazu gustukuena dugun plazetako bat da. Hara joan eta seguru gaude jendeak dantza egingo duela. Beste erromeria batzuetan ere jendeak dantza egin ohi du, baina Aristerrazun dantzarako gogoz izaten da jendea. Aristerrazura trikitia jotzera joaten gara, baina libre dugunetan dantzara joaten ere saiatzen gara. Bertan lagun piloa egin dugu, eta guretzako leku inportantea da.

Hiru orduz ariko zarete oholtza gainean. Ezer berezirik prestatu al duzue igandeko saiorako?Aristerrazun jendeak batik bat sueltoan dantzan egiteko piezak nahi izaten ditu. Aldiro, pieza eta bertso berri batzuk prestatzen saiatzen gara, edo dantza sueltorako pieza berriak ikasten jarduten dugu. Oraingo honetan ere, pare bat pieza berri prestatu ditugu.

Dagoeneko Aristerrazun trikitilariak eta dantzariak elkar ezagutuko zarete?
Bai, bai. Batzuk bistaz eta beste batzuk ja lagunak dira. Ia igandero jende berdintsua izaten da Aristerrazun, baina gero eta gazte gehiago ari da joaten eta biltzen Aristerrazun.

Boladan jartzen ari al dira erromeriak?
Ez dakit boladan jartzen ari al diren, baina jende asko ari da trikitia ikasten, eta eskolatik edo etxetik irten eta ikasteko beste modu bat da erromerietara joatea. Ikusteko eta ikasteko modu bat, alegia. Horrelako plazek, ikasleak eta gazteak motibatzeko eta trikitia ikasten jarraitzeko balio dezakete.

Orain, auzo eta herrietako festen sasoia hasiko da, eta batetik bestera ibili beharko duzue ezta?
Beno, neguan ere sagardotegietako denboraldia izaten dugu. Eta, orain, hori bukatuta auzo eta herrietako festetan ibiliko gara. Maiatzaren bukaeran esaterako, Nuarbeko (Azpeitia) festetan izango gara.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!