Ramon Alkain: "Ikusten ez den lana da gurea"

Karkara 2018ko mai. 10a, 15:16

2006 eta 2016 urteen artean Gipuzkoako Arraun Federazioko zuzendaritza batzordeko kide izan zen Ramon Alkain (Aia, 1965). Euskadiko Arraun Federazioko presidente izateko bere burua aurkeztu zuen apirilean. Federazioan izandako «utzikeriaren» ondorioz, jendearen konfiantza berreskuratu behar dutela uste du aiarrak.

Zein lotura izan duzu arraunarekin?
Ez naiz inoiz arraunlaria izan. 2006an sartu nintzen Orioko zuzendaritza batzordean, horretara ausartuko ez nintzela esan zidatelako.

Sartzeagatik sartu nintzen, ez bainekien ezer. Horrek ez du esan nahi arrauna txikia nintzenetik jarraitu ez dudanik, baina jakin, ez nekien ezer, eta arraunean are gutxiago. 

Nolakoa izan da prozedura?
2008tik 2016ra Iñigo Alkain izan zen presidente Gipuzkoako federazioan, eta ni hango zuzendaritza batzordean nengoen. 2007an, sartzeko aukera izan genuen.

Euskadiko federazioak bultzada bat behar zuela irizten genuen, eta sartzea erabaki genuen. Federazio barruan izan diren liskarren eta tirabiren ondorioz, Iñigo Alkainek utzi egin zuen, eta zintzilik geratu zen haren ardura. Deialdi bat egin genuen eta inork ez zuen bere burua aurkeztu, eta gauza bera gertatu zen bigarrengo deialdian ere. Horrelakoetan epe bat egoten da, bi hilabetekoa, asanblada bat egiteko eta federazioa desegiteko. Denak elkarrekin bildu ginen, Eusko Jaurlaritzakoak eta EKFB Euskal Kirol Federazioen Batasunekoak barne, eta asanblada horretan norbaitek bere burua aurkezten bazuen, onartzea erabaki genuen guztion artean. Lutxana arraun elkartea aurkeztu zen kasualitatez, eta biok elkartu ginen hitz egiteko. Galdetu nien ea proiekturik bazuten federazioarentzat, eta beraien asmoa ez desegiteko ardura hori hartzea zen. Niri hartzeko esan zidaten hala ere, esperientzia handiagoa nuela eta.

Nolako eragina izango luke arraunean federazioa desegiteak?
Eusko Jaurlaritzan hiru federazio daude berezitasuna dutenak: pilota, herri kirolak eta arrauna. Kirol herrikoiak dira, eta tratu berezia jasotzen dute. Puntu honetara iritsi eta desegitea ezinezkoa zela esaten zuten. Federazioa ez balego, Euskal Kirol Federazioaren Batasunak eramango luke, beste era batera. Hala ere, ez litzateke txapelketarik jokatuko Espainian. Bide bat aurkituko litzaioke agian, baina zintzilik geratuko litzateke, baita Eusko Jaurlaritza ere.

Zein hutsune eta zein erronka ditu federazioak?
Hutsune asko ditu. Urte askotan utzikeria egon da, handia. Uste dut mesfidantza dagoela federazioarekiko, egon den utzikeria horregatik. Gure erronka federazioaren lekua finkatzea da, eta hortik aurrera lantzen joango gara berriro Euskal Herriak federazioko jendearengan fedea izan dezan. Zaila da erronka, baina kirola bultzatzea da gure lana.

Utzikeria hori zergatik egon dela uste duzu?
2003rako jada liskar handiak zeuden kluben eta zuzendaritza taldeen artean. Garai hartan sortu zen TKE, eta 2006an KAE. Banaketa handi bat egon zen hor, eta federazioan jende berak jarraitu du agintzen. Lehenago ere liskarrak bazeuden, eta le­hien atal hori kenduta, noraezean geratu zen federazioa.

Orain lan egin behar dugu egoera horri buelta emateko. Edonola ere, horrek ez du esan nahi TKE eta KAE desagertu egingo direnik, baina guk gure lanean sakondu behar dugu. Badakigu TKEren kontra, esaterako, ez dugula ezer egiterik. Dirua horiek dute. Guk, daukagun apurrarekin, posible den guztia egingo dugu.

Nolako harremana duzue TKE eta KAErekin?
Egia esan, orain arte ez dugu harremanik izan. Ezagutzen ditut, eta beraiekin ere hizketan egon izan naiz, eta kirolaren alde bada behintzat, inolako arazorik gabe lan egiteko asmoa daukagu etorkizunean.

Federazioaren lana ezkutukoa dela uste al duzu?
Ezkutukoa baino, lan zikina dela uste dut. Esaterako, bertako lau katuk ikusiko dute Betis-Badajoz futbol partida telebistan. Baina Liverpool-Roma futbol partida ikusten, tabernak bete egingo dira. Horrek ez du esan nahi Betisen eta Badajozen lanik egiten ez dutenik kirola bultzatzeko, baina arlo oso ezberdinak dira. TKEk instituzioetatik eta alde guztietatik dirua du hori kudeatzeko, eta telebistak boterea ematen dio hori bultzatzeko. Gu bigarren plano batean geratzen gara, umeekin, kadeteekin, jubenilekin... Zentzu horretan bai, ikusten ez den lana da gurea.

Baduzue proiekturik emakumezkoen arrauna bultzatzeko?
Emakumeen liga bat sortzeko asmoa genuen, eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz eginda genuen. Hori dena egin ondoren, emakumeek beren kabuz elkarte bat sortzeko asmoa zutela esan ziguten. Sorpresaz hartu genuen albistea.

Arraunean geroz eta emakume gehiago aritzen dela esango zenuke?
Infantiletan parekoa da mutilen eta nesken kopurua. Gauza bera gertatzen da kadeteetan. Jubeniletan, ordea, laurdenak dira neskak; eta seniorretan, askoz ere gutxiago. Mutilek erraztasun gehiagoa dute kirolean jarraitzeko neskek baino. Neskak nola gutxi dauden, liga sortu nahi dute, telebistan atera... Baina atzetik ez dago bultzadarik. Mutilak mantendu egiten diren bezala, neskek beti behera egiten dute urteen poderioz.

Zein zeregin dituzue datozen hilabetetan?
Aulki mugikorrerako campo albano pista sortu dugu Legution, eta guztia martxan dago, baita txapelketetarako ere. Bizpahiru kontu falta zaizkigu lotzeko, baina hori sustatu nahi dugu, Espainian maila ona atera dadin. Hala ere, hori ez da egun batetik besterako kontua izango.

Orion egon zinenetik arrauna aldatu dela esango al zenuke?
Ez. Dirua da aldatu dena. 2006­an, arraun munduan askoz ere diru gehiago mugitzen zen: publizitatea, kluben sorrerak... Orain normalizatu egin da. Ez dago diru hori. Oriok eta Hondarribik, esaterako, jarraitzen dute; baina betiko mailan. Orekatuagoa da orain.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!