Agerre Buru ardi gazta onena

Karkara 2018ko mai. 16a, 17:19
Jose Luis eta Jose Migel Odriozola, iazko irailean Ordiziako txapelketa irabazi ondoren. (Argazkia: Aiora LarraƱaga)

GourmetQuesos Espainiako gazta txapelketan ardi gazta erdi ondu onena egin dute Jose Migel eta Jose Luis Odriozola Agerre Buru baserriko anaiek. Aian urtero egiten den nekazari eta abeltzainen Asentzio Ferian izango dira igande goizean, baserrian egindako gaztak saltzen.


Pasa den astean ospatu zen Madrilen GourmetQuesos Espainiako gazta txapelketa. Bertan izan ziren Agerre Buru baserriko Jose Luis eta Jose Migel Odriozola anaiak, eta  lehenengo postua lortu zuten ardi gazta erdi onduaren kategorian.

Hemen Ordiziako txapelketa dugun  bezala, Espainiako gaztarik onenak joaten dira txapelketa horretara, dio Jose Migel Odriozolak. Zehazki, 101 gazta izan ziren lehian Madrilgo txapelketan. Ez zuten espero saria aiarrek: Lehenengo aldia zen izena ematen genuena. Parte hartzeko, bi hilabete lehenago gazta pare bat bidali genuen Madrilera. Handik hilabetera deitu zieten, finalera pasa zirela esanez, eta sei kilo gazta bidali zituzten orduan. Gazta horiek jaso ostean deitu zieten berriz Odriozola anaiei, gazta onena haiena zela esanez. Astearte batean deitu ziguten, eta ostegunerako joan ginen Madrilera, saria jasotzera, dio Jose Migel Odriozolak.

Askotariko gazta motak izan ziren Madrilen, eta hamabi kategoriatan banatu zituzten lehiaketan. Behi gazten hiru kategoria zeuden, ahuntzarenak beste hiru, eta ardiarenak, sei. Onduak, erdi-onduak, ketuak, nahasketak.... Kategoria horietatik bat irabazi zuten aiarrek, baina guzti horietatik irabazle bakar bat ere hautatu zuten antolatzaileek: errautsekin nahasitako behi gazta biguna. Odriozolak dastatzeko aukera izan zuen, eta haren hitzetan, berritzailea zen.

Beraiek Madrilera bidalitako gazta abenduaren 31n egindakoa da. Lau hilabete pasatxo zituen, eta puntu politean zegoen. Ketu gabea zen, jateko modukoa, dio umorez gaztagileak. Madrilgoa, ordea, ez da gazta txapelketa batean nagusitzen diren lehen aldia. Irailean irabazi zuten Ordiziako gazta txapelketa ezaguna. Onena izateko sekretuak aitortu ditu Odriozolak: Zortea izatea da % 80a, gaztak egiten onena den anaia beste % 10a, eta gainontzekoa, ardiak egunero larrera ateratzea. Aurten elurragatik lau egunez atera izan ezin dituzten arren, garrantzizkotzat jotzen dute gaztagileek ardiak zelaira irtetea. Aurten negu txarra egin du, baina gainontzean, beti ateratzen ditugu. Ilea ere urtean behin soilik mozten diegu, maiatzaren erdialde inguru horretan. Ukuiluan dauden ardiek baino esne gutxiago ematen dutela iruditzen zaio Odriozolari, baina kalitate hobeagoko esnea sortzen dutela dio. Duela 30 urte hasi ziren gazta egiten, eta esperientziak lagundu dien arren, «sistema bera» erabiltzen dutela aitortu dute anaiek.

Ordiziako txapelketaz gain, badituzte gehiago begiz jota odriozolatarrek. Gipuzkoako txapelketa eta Ordiziakoa dira uda pasa ondoren aurkeztuko diren bi lehiaketa nagusiak: Gipuzkoakoa irailaren lehenengo igandean, eta Ordiziakoa, egun gutxira. Gainontzean, herri txikitako txapelketetan ere izango dira. Nolanahi ere, txapelketa batzuetan parte hartzeko gazta saltzera joatea beharrezkoa dela dio Odriozolak. Gernikan, esaterako, ez ziren azokan izan; eta ez zieten utzi txapelketan izena ematen. Toki gehiagotan ere gertatzen da, adibidez, Eibarren. Parte hartu nahi baduzu, gazta saltzera joan beharra daukazu.

Aiako, Orioko eta Zarauzko saltoki batzuetan eta Donostiako harategi batean soilik saltzen dituzte beraien produktuak Odriozola anaiek. Nolanahi ere, inguruko herrietako azoketan izaten dira, eta igandean Aian izango den Asentzio Feriara ere gerturatuko dira,  postua jarri eta gazta saltzera. Herrian bertan dugu, eta nola ez gara ba bertan izango? Urteroko zita da, ezer arrarorik gertatzen ez bada, behintzat.

Azoketan urtetik urtera gutxiago saltzen dela irizten du Odriozolak. Ohiturak ere aldatu egiten dira. Lehen gazta osoak saltzen ziren, eta orain laurdenak saltzen ditugu. Oparitzeko bakarrik saltzen dira osoak, dio aiarrak. Nolanahi ere, bezeroen eskarietara egokitzen dute produktua azokara eramateko: Lau zatitan eginda eramaten ditugu gaztak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!