Aia, kosta eta barnealdea eskura

Ainara Lasa 2018ko mai. 26a, 11:00

Eskualdeko kostaldeko herriek Euskal Herriko turismo mapan beren lekua dute. Bada, ordea, Urola Kostan geroz eta bisitari gehiago erakartzen duen udalerri bat: Aia. Herrian turismoak bizi duen egoera aztertu dugu bertako eragileekin eta zenbait turistarekin.

 FITUR Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokaren azken edizioan, Euskadi-Basque Country zigilupean ipinitako stand-ean, harrera bikaina izan zuen. Urola Kostako turismo katalogo berriak. Gipuzkoako kostaldea eta barnealdea sustatzeaz arduratzen den Explore San Sebastian Region bulegoko datuek berresten dute baieztapen hori. Eta, Urola Kostatik, herri batek eman zuen atentzio berezia Madrilgo azokan, Aiak, dio Cristina Iturriagagoitiak, bulego horretako zuzendariak. Zarautz, Getaria, Orio, Zumaia... entzutetsuak dira dagoeneko Espainian; Aia, ordea, ezagutzeke dagoen altxor bat da askorentzat. Zeintzuk dira, baina, Aiak gordetzen dituen altxor preziatu horiek?

Aiara iristen diren bisitariek hainbat faktorek erakarrita jotzen dute herrira eta inguruetara: natura –ibilbideak (GR-ak), Pagoetako Parke Naturala–; gastronomia –gaztandegiak, sagardotegiak, bertako produktuen txokoa herriko kooperatiban–; euskal kultura –herri kirolak, erromeria, euskara, jaiak–; Aiako herriak eskaintzen dituen baliabideak –igerilekua, frontoi estalia, haur parkeak, herriko panelen gidapean egin daitezke bisita libreak, pasealekua... –eta urte osoan zehar eskaintzen diren zerbitzuak (jatetxeak, landetxeak, tokiko produktuen salmenta zuzena) zein ekitaldiak, hala nola, Landare Berezien Azoka, San Asentzio Feria, Pagoetako Mendi Lasterketa, Andatza-Aiako igoera, Aristerrazuko erromeria edota San Silvestre Lasterketa.

Artzain eta gaztagile egun batez

Aiako herrirantz zoazela, erraz joaten dira begiak inguruko paraje eta larreetara. Giroa lagun bada, are eta distira bereziagoa hartzen dute zelai berdeek eta hosto granate horixkek udaberrian. Orortegi baserriko sarbidean, dena da bake. Isiltasuna da protagonista. Eta bertako lasaitasuna, bisitarientzat sendagai miragarria. Hala berresten du etxeko jabeak, Mari Carmen Agirrek. Urtean zehar izaten ditugun kanpotarrek eta Euskal Herrikoek, hemengo lasaitasuna goraipatzen dute –dio–; horregatik, askok errepikatzen dute esperientzia.

Bi esparrutan uztartzen da esperientzia Orortegi baserrian. Bata, esperientzia gastronomikoa; bestea, atsedenaldia edo horren modan dagoen wellness zerbitzua.

Arlo gastronomikoari helduz, Mari Carmenek eta bere senarrak, Iñigo Eizagirrek, orain dela 28 urte baserria erosi eta, hutsetik hasita, behien eta ardien esplotazioan hasi ziren lanean. 25 urte dira Idiazabal Gazta jatorri– izendapenaren barnean daudela, zalantzarik gabe, beren negozioa hazten lagundu zuen gertaera hark. Artzain Gazta elkartearen barruan egoteak abantaila dezente ekarri dizkigu: hasieratik prestakuntza saioak ematen zizkiguten, baita aholkularitza eta negozio ikuspegia txertatzen lagundu ere. Iñaki, Mari Carmen eta azken honen ahizpa arduratzen dira gaztaren elaborazioaren fase guztiez. Goizeko 06:00etan gazta egin eta lau orduko artisau-lanaren ostean, packaging-a edo gazta bilgarria prestatu eta banaketari ekiten diote. Euskal Herri osoan banatzen dute gazta. Orain, urrats bat eman nahi izan dute Kosta Gastronomika ekimenean sartuz. Aurretik erreserbatutako bisita gidatuak eskaintzen ditugu etxean. Gure kasuan ardi gazta ekoizten dugu eta etortzen diren turistek produkzioaren lekuko izateko aukera dute bisita gidatu horietan. Gazta zuzenean ere saltzen diegu, dio Mari Carmen Agirrek.

Hain justu ere, New York-eko familia batekin izan zen KARKARA, aurretik hitzartutako bisita gidatu batean. Amak (Nancy Green) eta semeek (6 urteko Mathew, eta Josh, 11), harridura erakusten zuten bisita gidatuak iraun bitartean. Donostian hartu dugu ostatu, eta gida batek Aiara etortzea gomendatu digu. Erabat txundituta gaude gaztaren elaborazioarekin, sekula ez dugu halakorik ikusi. Haurrek baserriko lanak ikustea eta halako inguruneaz gozatzea ez dago edonoren eskura. Plazer bat da hemen egotea.

Landetxeari dagokionez, Irati Eizagirre (24), Mari Carmen eta Iñakiren alaba, egon ohi da bisitariei harrera egiten eta etxeak dakartzan eguneroko lanen ardurak hartzen. Sei logela ditugu guztira, eta udan bete egiten dira. Lan asko eskatzen du landetxe batek, baina hartzen ditugun bisitariek –kataluniarrak, madrildarrak eta, nazioarte mailan, estatubatuarrak eta frantsesak gailentzen dira – gure lana estimatzen dutela ikusteak ilusioa egiten du. Asteburuan eta zubietan ere betetzen da etxea. Familia asko etortzen dira behin baino gehiagotan, hemengo lasaitasunak erakarrita. Etxekoak dira guretzat dagoeneko, dio Iratik.

 

Aiako ostalarien pertzepzioa aztergai

Erreportaje honetarako Karkarak hainbat taberna eta jatetxetara jo du. Zenbaitzuk ez dute adierazpenik egin nahi izan, ez baitaude guztiz ados Aian jorratzen ari den turismo ereduarekin. Hainbat ahalegin egin ostean, Santiago auzoko Ashé jatetxeko nagusiek, Juanjo Roig eta Tati Guerrak, beren ikuspegia azaleratu dute: Hau hilda dago, auzo honetako jaiek lehen jendetza erakartzen zuten; azken festetan, ordea, ez zen apenas girorik egon. Zerbait egin beharra dago. Turista gutxi etortzen da hona, eta uste dugu auzoak eta herriak orokorrean badituztela baliabide ugari turistak erakartzeko.

Juanjo Roig-ek dioenez, indarrak batu behar dira, herritarrak eta erakundeek bat egin eta bisitariak nola erakarri aztertu. Aiak bere horretan familiak hartzeko baliabideak ditu. Agian Donostiatik ez da bideratzen turismo fluxua honantz, eta hori arazo bat da gu denontzat.

Pagoeta, bitxi preziatuena

Urtean zehar 35.000 bisitari inguru izaten ditu Pagoetako Parke Naturalak. Bisitari hauek kontabilizatuta daudenak dira, gure eskuetatik pasatzen direnak edota ekintzaren batean parte hartzen dutenak. Gurekin kontaktuan jarri gabekoak eta beren kontura mendi bueltaren bat egiten dutenak ez daude zenbatuta, dio Iturraran Parketxeko Amaia Agotek.

Bi mendi kontagailu soilik daude Pagoetan jarriak (Nebera baserriaren inguruan biak) eta 2017ko datuen arabera, 15.302 pasa ziren bi gune horietatik urte horretan. Mendi ibilaldiak egiten dituztenen kopuru zehatza ateratzea ez da erraza, hainbat sarbide daudela kontuan eduki behar baita. Neberako jestuneaz gain, gutxienez beste lau sarbide kontatu hartu behar dira, argitu du Agotek.

Azken urteetako bisitarien kontaketa aintzat hartuta, gorakada txiki bat izan dela ikusten dugu. 2015ean 33.739 bisitari pasa ziren, 2016an 35.273 eta 2017an 35.210.

Jatorriari dagokionez, bisitarien %55 Euskal Herrikoa da, %40 Espainiakoa eta %5 atzerrikoa. Euskal Herritarren artean, gipuzkoarrak nagusi dira eta jarraian bizkaitarrak. Espainiako bisitarien artean ugarienak kataluniarrak eta madrildarrak dira. Jarraian valentziarrak, eta azken urteotan, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon eta Andaluziatik datozenen igoera nabarmendu dela esan digute Parketxean.

Atzerritarren artean frantziarrak dira nagusi Iturrarango Parketxean. Dena dela, udara partean Ingalaterra, Estatu Batuak, Belgika eta Holandatik bisitari ugari hurbiltzen da Pagoetako Parke Naturalera.

Bertan eman dizkiguten datuen arabera, zehazki, 2017an Pagoetako baliabide turistikoek hartu zituzten bisitarien banaketa ondorengoa da: Parketxeak 11.439 bisitari hartu zituen (informazioa eskatu eta museoa bisitatu zuten horiek guztiek); Agorregiko Burdinola eta Errotak, 7.631; hezkuntza zentroetako ikasleak, 5.263; egun bateko txangoa egindako pertsonen kopurua 1.188koa izan zen guztira.

Baimendutako kirol jarduerek (mendi martxan, lasterketak...) 1.218 pertsona hartu zituzten; ekitaldiei dagokienez (Landare Berezien Azoka, Pagoeta Eguna...), harrera ona izan zuten, guztira 7.138 bisitarirekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!