Aiako udalekuetan eta kirol jardueretan izena emateko epea ireki dute

Karkara 2018ko mai. 28a, 16:31

Uztailaren 2tik 27ra bitartean, udalekuak eta kirol jarduerak antolatu ditu Aiako Udalak. Ekainaren 1a, ostirala, izango da izena emateko azken eguna.

Udalekuak eta kirol jarduerak antolatu ditu Aiako Udalak uda sasoirako. Uztailaren 2tik 27ra bitartean izango dira ekintzak, eta izena eman daiteke dagoeneko, ekainaren 1era (ostirala) bitarte Kultur etxean.

Udalekuen kasuan, 11 urte bitartekoek izango dute izena emateko aukera, eta ordutegia goizeko 10:00etatik 13:00ak artekoa izango da. Aiako bizilagunek 60 euroan eman dezakete izena, eta gainontzekoek 80 euro ordaindu beharko dituzte. Familia bereko hirugarren kideak, ordea, prezioaren erdia ordainduko du. Auzoetako haurrak udalekuetara joan daitezen, autobus zerbitzua ere eskainiko du udalak, 20 euroren truke. Zaintza zerbitzua ere izango da 8:00etatik 10:00etara, gutxienez 10 pertsonako taldea osatzen badute.

Kirol jardueren kasuan, igeriketako eta teniseko ikastaroak emango dituzte. Astelehenetik ostiralera, arratsaldero 45 minutuko igeriketa saioak egingo dituzte lau urtetik gorako haurrekin. 28 euroren truke eman daiteke izena ikastaroan. Teniseko ikastaroa, aldiz, 10 ordukoa izango da, uztaileko lehen hamabostaldian. Astelehenetik ostiralera, ordubeteko saioa izango dute zazpi urtetik gorakoek. 20 euro ordaindu beharko dituzte tenisean izena eman ahal izateko. Bi ikastarotan izena eman nahi duten haurrek, ordea, 45 euroko prezioa izango dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!