Aiako Udalak datorren ikasturterako antolatutako ikastaroetan izena eman daiteke

Karkara 2018ko eka. 15a, 14:38

Musika instrumentuak jotzen ikasteko saioak, pilates ikastaroa eta erditze ondorengo prestakuntza saioak eskainiko dituzte, besteak beste.

2018-2019 ikasturterako antolatutako ikastaroen berri eman du Aiako Udalak. Izen ematea ere zabaldu dute jada, uztailaren 20ra arte.

Musika instrumentuak jotzen ikasteko ikastaroak eskainiko dituzte, besteak beste, panderoa, gitarra, trikitixa eta pianoa. Horrez gain, helduentzako pilates saioak ere izango dira. 50 euroko fiantzaren eta 35 euroko hileroko kuotaren prezioa izango du ikastaroak. Yoga antolatzeko asmoa ere badute, baina proposamena zabaltzea nahi dute; taldea osatuz gero ikastaroa martxan jar dezaten. Zumbako saioetarako, aldiz, txikien eta helduen taldeak osatuko dituzte. Helduek 20 euroko kuota ordaindu beharko dute hilero, eta txikiek, 14 eurokoa. Bestetik, judoko klaseak emango dituzte bost urtetik aurrerako haurrentzat, hilero 16 euro ordaintzearen truke. Azkenik, euskara irakasteko klaseak emango dituzte; baina horretarako, gutxienez 6 pertsonako taldea osatu behar dela jakinarazi dute.

Ikastaro berriak, urritik aurrera
Ohiko ikastaroez gain, beste hiru ere antolatu dituzte udaletik. Alde batetik, haurdunaldiaren inguruko saioak egingo dituzte. Gorputza ulertu, sortzen diren aldaketak landu, ariketa fisiko orokorra egin eta erditzeko momentuari begira malgutasuna irabazteko baliatuko dituzte saioak. Astearte eta ostegunetan izango dira, arratsaldeko 17:00etan, eta hileko 55 euroko prezioa izango du.

Bestetik, erditze ondorengo prestakuntza ere landuko dute beste ikastaro batean. Astearte eta ostegunetan izango da goizeko 10:30etik aurrera, eta hainbat lanketa egingo dituzte, besteak beste, emakumearen egoera fisikoa aztertzea, posturak eta arnasketak berrikastea eta ariketa egokiak egitea, gorputzak izan dituen aldaketak onera bueltatzeko. Hilero 55 euroren truke eman daiteke izena ikastaroan.

Azkenik, gimnasia abdominal hipopresiboa egiteko saioak emango dituzte. Arnasketa eta posturen bitartez, muskulatura indartzen ikastea da helburua. Edozein adinetako pertsonentzat balio duela jakinarazi dute. Astearte eta ostegunetan izango dira saioak, 17:30ean edo 20:30ean, eta hileko 35 euroko prezioaren truke eman daiteke izena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!