Marije Zumeta eta Xabier Gaiton: “Ikasle baserritarren tipologia galtzear da gurean"

Ainara Lasa 2018ko eka. 26a, 20:30
Marije Zumeta eta Xabier Gaiton, ikasgela batean.

Xabier Gaitonek (Pasaia, 1958) 34 urte daramatza Orion bizitzen, eta erretiroa hartu berri du. Marije Zumetak (Zarautz, 1953), aldiz, orain dela bost urte hartu zuen. Besteak beste, Lardizabal bezalako eskola txiki batean lan egiteak berengan izan duen eragina eta urte guzti hauetan ikasi eta irakatsi dutena partekatu nahi izan dute.

Beste eskola batzuetan lan egin duzue. Zer du Aiako eskolak desberdin?
M.Z. Oso eskola naturala topatu nuen hemen, ume atseginak, zeharo txunditu ninduten hasieratik. Hurbileko gurasoak eta ikasleak, oso ondo hartu gintuzten hasieratik. Gainera eskola honek badu xarma berezia, herrian bertan dago, guztia dago gertu. Txikitasun hark erakarri ninduen hasieratik.
X.G. Herri euskaldun batekin topatu nintzen. Hona etortzea erronka izugarria izan zen niretzat. Garai hartan, euskaldun berria nintzen eta bat batean, guztiz euskaraz murgiltzeak, eraldaketa bat eragin zuen nigan. Hemen atzeman nuen benetan zer den euskaraz une oro lan egitea, aritzea, eta bizitzea. Euskaran murgiltze prozesu natural bat topatu nuen Lardizabalen, euskararekiko maitasuna sendo bizitzeko aukera izan dut hemen hasiera-hasieratik, esparru asko barneratu eta horietan sakontzeko, hala nola, kulturan, historian, kantagintzan… Aiara etortzeak hori guztia eman zidan; neurri handi batean, lankideei esker.

Herriaren izaerak ere badu naturaltasun horrekin nolabaiteko lotura?
M.Z. Bizitzea gustatuko litzaidakeen bizimodu bat eman dit. Bertako hurbiltasunak, naturaltasunak eta bizimoduak
betidanik erakarri naute. Umeak oso gertukoak dira. Baserri mundua ere sakonean ezagutzeko aukera izan dut hemen. Topiko asko daude horren bueltan; baserritarren bizimodua ez da kontatu diguten bezala; eguneratuta daude alor askotan, eta Lardizabalen presentzia handia izan dute. Oro har, herri guztia inplikatu da eskola honekin; gurasoen eta irakasleen artean beti egon da konplizitatea, elkarrekiko konfiantza. Hori ez da leku askotan gertatzen.
X.G. Ikasle tipologiak hasieratik atentzioa eman zidan. Ikasle mota hori, baserritik etorritakoak behinik-behin, desagertzen joan da, globalizazioa hona ere iritsi delako. Baserriko ikasleak izan ditugu urte askoan. Baserri-izaera eta baserriko jakinduria Lardizabalen parte izan da urte askoan. Abantailak izan genituen, asko ikasi baikenuen baserri-izaera horretatik. Baina borrokak ere izan genituen; garai hartan guraso askorentzat eskola tramite hutsa zen. Kasu batzuetan, zenbait ikasleren potentziala ikusita, baserrietara hurbiltzen ginen gurasoekin hitz egitera. Hori desagertu da, baserritar petotasun hori galdu da dagoeneko, ez baitago apenas baserritik datorren ikaslerik.

Zer nolako eboluzio eman du hezkuntza sistemak, ordutik hona?
X.G. Baliabide aldetik bai eman da bilakaera bat, errekurtso kopurua anitzagoa da orain. Orokorrean gizartearen eraldaketarekin batera eman da hezkuntza sistemaren aldaketa. Garai bateko irakasleak bokaziozkoagoak ginen agian; gaur egun, nolabait, profesionalagoa da irakaskuntza. Beharbada, baliabide asko izan ez arren,gure baloreak eta nahiak gehiago eta modu sakonagoan transmititzen saiatzen ginen; zer nahi genuen eta nola lor zitekeen, alde guztien ikasle, irakasle, guraso, herrian inplikazioa bilatuz. Gaur egun, akaso, erronka zailagoak dira gizartea eta errealitatea aldatu direlako. Badirudi egun gizarteak dituen arazo guztiei konponbidea ematea eskolari dagokiola. Zentzu horretan, lehen errazagoa eta naturalagoa zen dena.
M.Z. Orain muga gehiago daude umea ezagutzeko, exijentzia maila areagotu da eta ez dago halako gertutasunik.
Kontuan izan behar da gaitasun eta adimen mota desberdinak daudela; ikasle guztien ikaskuntza prozesua ez da berdina. Batzuek denbora gehiago behar dute. Baina gaur egun legeak epeak ezartzen ditu, eta helburu batzuk markatzen ditu, ikasleek denbora jakin batean bete beharrekoak. Horrek presio asko dakartza, bai umean, baita irakasleengan ere. Lehen malgutasun handiago genuen, eta irakaskuntza pertsonalizatuagoa zen, hurbilagoa.
X.G. Funtsean eta oinarri-oinarrian hezkuntza ez da aldatu, baliabideetan eta moduetan eman da eraldapena, baina hezkuntzan bere horretan, ez. Azkenean umea pertsona bezala hezi behar da; jakina irakasleok, besteak beste, irakurtzen eta idazten erakutsi behar diegula, baina baloreetan hezten jarraituko da. Hala espero dut behintzat.

Zein balore lehenetsi dira Lardizabal Herri Eskolan urte hauetan?
X.G. Esango nuke, errespetua, enpatia eta norberaren autonomiaren sustapena izan direla transmititzen saiatu garen zenbait balore. Era berean, nork bere burua maitatzea, eta jatorriari eustea, hizkuntza eta kulturarekiko maitasuna errotzea.
M.Z. Horiek guztiei txertatuko nieke bakoitzak bere buruarengan sinestea. Askotan baserritik etorritako ikasleek konplexuak izan dituzte, eta guk beren gaitasunetan sinesteko eta burua altu mantentzeko esan izan diegu, ez uko egiteko beren jatorriari. Aiako eskolan amaituta, baserriko ikasle ohi askok Euskal Herritik kanpo egin dituzte haien goi-ikasketak. Agian gazteleraz hitz egiteko zailtasuna izango zuten hasieran, baina baloreetan eta ezagutzetan oso ongi prestatuta irten dira.

Zuen erreleboa hartu duten irakasleentzat, gomendiorik baduzue?
M.Z. Bokazioari jarraitzea; lana bizi eta sentitu behar duzu. Lanera ilusioarekin etortzea gomendatuko nieke, haurren artean gustura egotea. Ni ez naiz sekula gogorik gabe etorri lanera. Bokazioan dago gakoa.
X.G. Gogoan har dezatela, klaseak emateaz aparte, eskolan badaudela hainbat ardura eta zeregin denon artean ezinbestez aurrera atera beharrekoak eta inplikazioa eskatzen dutenak, nahiz eta horretarako prestakuntza berezirik ez izan. Tutore eta IKT-ko arduraduna izateaz gain, igarotako 33 urte hauetatik 22tan zuzendaritza taldean ere aritu naiz. Lankidetza ezinbestekoa da, baita irakasleen moldakortasuna ere. Historikoki hemen denok denetik egin izan dugu. Bestalde esango nieke ahalegintzeko eskolak betidanik izan duen izaera hurbil eta lan-giro atsegina mantentzen.

Aztarnarik utzi du Lardizabalek zuengan?
X.G. Pentsa zer nolako aztarna utzi didan, 85-86 ikasturtean sartzean, Javier zen nire izena, eta orain denek Xabier deitzen didate, eskolan lankideak hasiera hasieratik hala deitzen hasi zitzaizkidalako. Izenak bidea egin zuen, eta nire identitatearen zati da jada.
M.Z. Nigan utzi duen aztarna sekulakoa da. Urte hauetan guztietan egin ditudan giza harremana estuak izan dira. Zoriontsu izan naiz irakasle eta pertsona bezala Aian. Hori da Lardizabal Herri Eskolak utzi didan aztarna ederrena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!