Jake Serex: "Aia ederra eta lasaia da; euskal kultura ezagutzeko aukera ematen digu"

Aroa Fernandez 2018ko abu. 1a, 12:04
Jake Serex, atzekaldean ezkerraldetik hasita, bere taldekideekin.

Munduko herrialde desberdinetatik etorritako 47 lagun udara igarotzen ari dira Aiako etxe batean. Surfa egitera eta euskal kultura lehen pertsonan ezagutzera etorri dira. Irailera arte egongo dira Aian ostatu hartuta, besteak beste, Ingalaterratik, Zeelanda Berritik, Birmaniatik, Estatu Batuetatik, Alemaniatik eta Australiatik etorritako gazteak.

JAKE SEREX- Atzerritik etorritako gazte taldearen koordinatzailea

Noiz iritsi zineten Aiara?
Maiatzaren hasieran etorri ginen, ostatu hartuta gauden etxe hau moldatzera. Izatez etxea baserri bat zen, eta gure erara egokitu genuen.

Lehenago izan zarete hemen noizbait?
Batzuk bai eta batzuk ez. Zenbaitentzat bigarren edo hirugarren urtea da honakoa; baina, gehienak, aurten etorri dira lehen aldiz.

Guztira, zenbat urte daramazue Aiara etortzen?
Bigarren urtea da Aiara etortzen garena. Hasieran, Zarauzko kanpinera joaten ginen, baina hemen askoz ere hobeto gaude. Kanpin dendetan egiten genuen lo orduan, baina atseginagoa eta erosoagoa da etxe bat izatea.

Zergatik aukeratu zenuten Aia uda igarotzeko?
Aurretik bagenituen erreferentziak, eta Aiara etortzea gomendatu ziguten. Herri ederra da, eta lasaia!  Askoz ere jende gutxiago dago hemen eta politagoa da euskal kulturarekin hartu-eman estuagoa izatea. Zarautzen udan, bertakoak baino kanpotar gehiago dago, ingelesa eta gaztelera gehiago entzuten da han; hemen berriz, dena euskaraz egiten da eta atseginagoa da.

Zer da gehien gustatzen zaizuena, oro har, herri honetatik?
Jendea eta paisaia.

Herritarrekin baduzue harremanik?
Bai, hartu-emana badugu. Dendetara joaten garenean, edo ogia erosten dugun bakoitzean aiarrak oso adeitsuak dira gurekin. Kaixo! Zer moduz zabiltzate? eta horrelakoak galdetzen dizkigute. Guregan interesa jartzen dute eta atsegina da gertutasun hori sentitzea. Taldeko askok Bartzelonan igaro zuten denbora bat eta esaten dute oso ezberdina dela, hangoak oso itxiak direla eta hemengoak berriz, oso irekiak.

Zer gustatzen zaizue gehien euskal kulturaren inguruan?
Janaria, festak, sagardoa… uste dut denen izenean esaten dudala: esperientzia onena sagardotegira joan ginenekoa izan zen; benetan dibertigarria!

Zer egiten duzue egunean zehar?
Esnatzen garenean, surfa egitera joaten gara, 7:00ak aldera. Ondoren, itzuli eta gosaldu egiten dugu. Hondartzara bueltatu edo Pagoetara igotzen gara. Beste batzuetan, inguruko herriak ezagutzera joaten gara, esaterako, Zumaia, Donostia… Helburua ez da hemen bakarrik geratzea, dena ikusi nahi dugu. Arratsaldean, surfa egiten dugu; erlaxatzeko, yoga praktikatzea gustatzen zaigu, edo besterik gabe, lagunartean egotea.

Zein herrialdetatik zatozte?
Ingalaterratik, Zeelanda Berritik, Birmaniatik... estatubatuarrak eta alemaniarrak ere baditugu eta, nola ez, australiarrak. Guztira, 47 lagun gaude momentu honetan.

Esperientzia errepikatzen al du jendeak?
Bai, lehengo urteko jendea badugu gurekin. Orokorrean, gutako asko, itzuli egiten gara.

Noiz arte geratuko zarete uda honetan?
Iraila amaiera arte.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!