Ohitura zaharrei eutsiz

Karkara 2018ko abu. 22a, 12:27

Iraila ate joka dagoen honetan, mendiko botak armairutik ateratzen hasiak izango dira jada zenbait, Ernioko igoerak prestatzeko. Joseba Pagadizabal aiarra, esaterako, urtero igotzen da bertara iraileko lau igandeetan.

Afizioa txikitatik ez datorkion arren, hiru urte daramatza Joseba Pagadizabalek (2000, Aia) ohitura zaharrei eutsiz, iraileko igandeetan Ernio mendira igotzen. Horrez gain, abuztuaren 29an ospatzen den San Juan Txiki egunean ere joaten da bertara. Tradizio berezi hau nondik datorren oso ziur ez dakien arren, artzantzatik datorren ohitura izango denaren ustea dauka aiarrak.

Mendiko txangoaz gain, Zelatungo erromeriak ere entzutetsuak dira, eta hain zuzen ere, Pagadizabal han hasi zen lehen aldiz trikitixa doinuak dantzatzen ikasten. "Neska ere han ezagutu nuen, eta harrezkero igandero ibiltzen naiz dantzan".

Lehengo belaunaldiek ohiturari eutsi bazieten ere, gaur egun gazte gutxi ikusi ohi dituela azaldu du aiarrak. "Orain tradizioari jarraitzeko ohitura handirik ez dago, baina azkenean jende asko elkartzen gara. Zaharrak, gazteak, denetik apur bat. Gazteok asko ez izan arren, gutxi batzuk eusten diogu erromerian dantzatzearen ohiturari".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!