Aiar gazteen topagunea

Orain dela urte bete eskas zabaldu zituen ateak Aiako Xatur Gazteleku berriak. Lehengoa txikia geratu, eta Udalak Lardizabal Eskolako eraikin zaharra utzi zien herriko gazteei, eurek beren gustura jarri eta nahieran moldatzeko. Pozik agertu dira aiar nerabeak lekualdatze horrekin.

Charles Chaplinen irudiak ematen du ongietorria Aiako gazteleku berriko lehen solairuan aurkitzen den solasaldietarako txokora. Chaplinek El Gran Dictador (1940) filmaren amaierako diskurtsoan dioen moduan, sortzeko ahalmenak garamatza zoriontasunera; finean, bizitza abentura eder bat izatera. Nolabait, gaztelekuan egon ohi diren neska-mutilek esaldi hori berresten dute. Akaso, horregatik margotu zuten beren kabuz, paleta eta brotxa eskuan hartuta, Chaplinen irudia horma horretan.

Aiako Udalak, Lardizabal Eskolako eraikin zaharreko giltzak eskura eman, eta herriko gazteei –gaztelekua ludoteka berria ere eraikin berdinean dago– sortzeko parada eman zien. Urtebete geroago, aiar gazteek hormak apaindu, altzairuak ipini eta goxoa baina era berean praktikoa den topagune bat sortu dute.

Haurrak eta nerabeak, guztiak bat
Lehengo gaztelekua oso txikia zen, ez ginen denak sartzen, eta nahiko itogarria zen guztiontzat han egotea. Eraikin honek, ordea, aukera asko ematen dizkigu; baina batez ere, ludoteka eta gaztelekua eraikin berdinean hartzeak ahalbidetu du haurrek eta gu, gazteok, batera asteburu arratsaldeak igarotzea, eta ekintza desberdinak batera egitea”, diote Aiako gaztelekuko zenbait kidek. Hainbat solairu ditu eraikinak; lehenengoan jokoen eta solasaldien gela (gazteen eremua, 16 urtetik gorakoentzat), ordenagailu gela eta Xatur ludoteka daude. Behekoan, berriz, txikienentzat jangela dago. Oraingoz, urte baten buruan, ludoteka eta gaztelekua osatzen duten gelak atondu dituzte gazteek, euren kabuz. Udalak eraikina utzi digu, eta zenbait material ere erraztu dizkigu, beste guztia guk egin dugu, imajinazioa eta ordu asko sartuz, diote gaztelekuko ohiko erabiltzaileek.

Asteburuak, Aian hobe
Gaztelekuko neska-mutilek goraipatu dute kokapen berriak eta bertan sortu dituzten gune desberdinek Aian geratzera eta asteburua bertan pasatzera gonbidatzen dituztela. Lehen Zarautzera edo Oriora joan ohi ginen, horrek dakartzan gastuarekin eta denbora galtzearekin. Lehen, Aian ez genuen gure espazio propiorik; orain, ordea, ongi pasatzeko eta elkarrekin egoteko txoko bat daukagu, diote nerabeek.

Halaber, beste lekuetan, ematen ez den faktore bat ere azpimarratu dute. 8 eta 12 urteko haurrekin egon ohi gara 12 eta 18 urte bitarteko gazteok. Denok batera jokoak prestatzen ditugu, eta elkarrekin egiten ditugu jarduerak. Hori Zarautzen adibidez, ez da gertatzen. 16 urteko bat ez da zortziko batengana gerturatzen. Hemen, ordea, familia handi bat bezala gara.

Herrigintzan aktiboki parte hartzen
Gazteen topagune izateaz gain, Aiako gazteleku berria ideia berrien sorleku da. Bertako gazteek urtean zehar bilera asko egiten dituzte. Aiako jaiak, gazte festak, edo bestelako jarduera antolatzeko herri mailan. Ahal dugun neurrian herrigintzan esku bat botatzen dugu: kartelak margotuz, ekintza originalak eta berritzaileak Udalari proposatuz, edo besterik gabe, gure jarduerak kalera ateraz. Giroa sortzen dugu herrian, eta hori aiarrek ere eskertzen dute. Oraindik asko dute egiteke, baina Chaplinek keinu bat egiten die hormatik, jarraitu, abenturazaleok, esanez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!