Aiako Ardi Jolas erraldoia herritarren eskura da

Karkara 2018ko ira. 21a, 11:18
Aiako Ardi Jolasaren egileak, eta erdian Aiako alkate Nekane Arrizabalaga. (Aiako Udala)

Aiako proba-lekuaren sabaian kokatu dute, eta jolasa osatzen duen laukitxo bakoitzak Aiarekin zerikusia duen eszenak erakusten ditu.

Aiako Udalak Aiako Ardi Jolas erraldoia kokatu du Aiako proba-lekuaren sabaian. Landaolak Gipuzkoako Foru Aldundiaren landa garapen programak lagunduta sortu dute, aiarren eta bisitarien artean herriko historia eta kultura ezagutaraztea helburu duen jolasa.

13 metro luze eta sei metro zabal ditu jokoak, eta zirkuitu bat iruditzen du. Aiako Udaletik jakinarazi dutenez, "zirkuitua osatzen duten laukitxo bakoitzak Aiarekin zerikusia duen eszena bat iruditzen du. 63 laukitxo ditu jolasak eta helmugara lehenengo iristen denak irabazten du partida. Fitxa parte-hartzaile bakoitza da, eta dadoa erdian kokatuta dagoen erruleta". Aiako Ardi Jolasak, herritarren artean ezaguna den Antzara Jokoaren arau berdinak ditu, baina antzararen ordez ardiak dira jolasaren protagonistak. "Ardi batetik bestera salto egiteko Arditik ardira emaiozu bira esango dute. Zubien ordez errotak ditugu eta ur putzuaren ordez elur zuloa".

Jolasak gaurko, atzoko eta antzinako Aiako gertakizunak biltzen ditu, eta eszena esanguratsuenek informazio laburra eskaintzen dute hiru hizkuntzetan. Gainera, Aiarekin zerikusia izan duten lagun mordoa agertzen dira jolasean: Kaliforniako gobernadore bat, XVI. mendeko industria espioi bat edota astoari goxokiak ematen zizkion amona.

836 baldosa
Aiako Ardi Jolasa Aiako Udalaren bultzatu du, eta Asier Erguinen eta Esti Lizarretaren Laupauso Estudiosk sortu eta diseinatu du, Eneko Saenz historialariaren laguntzarekin. Denera 836 baldosa behar izan dira jolasa osatzeko eta Ceracasa enpresak egin ditu baldosak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!