Haitz Ortiz: "Kontxako estropadarako sailkatuta denboraldiari amaiera bikaina eman diogu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2018ko ira. 26a, 14:32
Haitz Ortiz San Pedroko arraunlaria.

Duela lau urtetatik San Pedroko arraunlaria da Haitz Ortiz aiarra, eta aurtengo denboraldiaren balorazioa egin du.

HAITZ ORTIZ - San Pedroko arraunlaria 

Zein da aurtengo denboraldiaz egin duzuen balorazioa?
Espero baino txukunago ibili gara. Gure helburua ligan mailari eustea zen eta lortu dugu, gainera patroi onenaren saria ere jaso dugu. Dena dela, Kontxako estropadarako sailkatuta denboraldiari amaiera bikaina eman diogu. Hasiera batean sailkatzeko esperantza genuen, baina jakin bagenekien zaila izango zela. Horregatik Donostiako Estropada jokatzea saria izan da.
 
Azken urtetan behetik gorako joera izan al du taldeak?
San Pedron aritu nintzen lehen urtean Balda genuen entrenatzaile eta urte horretan ere Donostiako Estropada jokatzeko sailkatu ginen. Hala ere, denboraldi amaieran baja asko izan genituen, eta hurrengo urtean berriro taldea osatu behar izan genuen. TKE ligan jokatu arren, San Pedro talde xumea da, eta arraunlarien joan-etorri handia izaten dugu urtero; batzuek arrauna beren lanbidearekin uztartu ezin dutelako uzten dute, eta badira beste taldeetatik eskaintza hobeak egin dizkietelako joan direnak ere. Horregatik, San Pedrorentzat zaila izaten da punta-puntan ibiltzea. Hala ere, orain arte oso maila ona eman dugu.
 
San Pedron arraunean zabiltza duela lau urtetatik. Zerk animatu zizun Pasaiako taldean arraunean egitera?
Gaztetan mendiko bizikletan ibili nintzen buru-belarri, eta mendiko txirrindularitza utzi nuenean, kirol desberdinak probatu nituen. Betidanik atentzioa eman didate kirol gogorrek, eta azkenean lagunek animatuta arraunean hasi nintzen Orion. Hasieratik harrapatu egin ninduen kirolak. Lehen urteetan, Orioko harrobiko traineruan egin nuen arraunean, baina txalupa nagusira igotzea zaila izango nuela ikusita, San Pedron arraunean egitea eskaini zidatenean, onartu egin nuen.
 
Inoiz pentsatu al zenuen goi mailan arituko zinenik?
Hutsetik hasi nintzen 30 urterekin, dena ikasteko bainuen arraun munduan. Bi-hiru urtez arraunean aritzeko intentzioarekin hasi nintzen, baina San Pedrorekin TKEn aritzeko aukera sortu zitzaidan, eta ez naiz damutzen hartutako erabakiaz.
 
Zuk beste talderen baten eskaintzarik jaso al duzu?
Iaz Kaikutik deitu zidaten, baina azkenean ez zuen aurrera egin proposamenak. Egia esan behar badut, ni oso gustura nago San Pedron; azken urtetan elkarrekin arraunean egin dugunen artean taldetxo bat osatu dugu, eta lagun giro ederra dugu.
 
Datorren denboraldian arraunean jarraituko al duzu?
37 urte ditut, eta urte guztian zehar egunero entrenamenduetara joatea esfortzu handia da. Dena dela, entrenatzaileari komentatu diot talde polita sortzen bada ni ere animatuko nintzatekeela, baina oraindik ezin dut ziur esan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!