"Kadeteak izan arren, nagusi mailako txapelketa irabazi dugu"

Karkara 2018ko aza. 8a, 17:00
Uxue Albeniz eta Nahia Eizmendi pala-jokalariak.

Nahia Eizmendi eta Uxue Albeniz pala-jokalari gazteek Gipuzkoako nagusi mailako 2. mailako pala txapelketa irabazi dute.

Nolatan hasi zineten palan jokatzen?
NAHIA EIZMENDI: Niri familiatik datorkit. Nire aitak txikitatik jokatu izan du palan, eta oraindik ere aritzen da. Ondorioz, palan jokatzeko zaletasuna izan dugu beti etxean.
UXUE ALBENIZ: Gure etxean ere aitak pilotan jokatzen zuen, eta beti gustatu izan zait mundu hori. Eizmendi eta ni adin berekoak garenez, Aian bertan palan entrenatzeko aukera sortu zitzaigun.

Zuek hasi zinetenean herriko gaztetxo gehiago animatzen al ziren palan jokatzera?
N.E.: Duela urte batzuk Emakumeak Pilotari izeneko ekimena jarri zuen martxan Gipuzkoako Pilota Federazioak, eta horren barruan pare bat entrenatzaile etortzen ziren Aiara gaztetxoak entrenatzera. Garai horretan zortzi neskako taldeak jokatzen genuen palan.
U.A.: Hala ere, pixkana gutxitzen joan zen gainontzekoen zaletasuna. Aiako eskolan ikastea amaitu eta DBHra joan ginenean, askok utzi egiten zioten palan jokatzeari. Gainera, Emakumeak Pilotari ekimenak antolatzen zituen entrenamenduak ere bukatu egin ziren.
N.E.: Guk biok bakarrik jarraitu genuen kirolarekin.

Elkartean gutxi bazarete, nola entrenatzen duzue?
U.A.: Astean behin Irurara joaten gara Gipuzkoako Federazioak antolatzen dituen teknifikazio saioetara. n.e.: Horrez gain, beste saio bat egiten dugu Aian, nire aita entrenatzaile dugula.

Pala ez da esku-pilota bezain ezaguna. Txapelketa asko antolatzen al dira? 
N.E: Gu kadeteak gara orain, baina maila horretan jokalari gutxi gaudenez ez dago txapelketarik, eta normalean jubenil mailan jokatzen dugu. Dena dela, aurtengo txapelketa antolatu zenean zenbait gauza aldatu zituzten, eta proposatu ziguten jubeniletan jokatu beharrean, nagusi mailan, bigarren mailan aritzea. Modu horretan, txapelketa gehiago jokatzeko aukera baitugu. Azkenean, kadeteak izan arren, nagusi mailako txapelketa irabazi dugu.

Nagusi mailan beraz bi maila sortu dituzte?
U.A.: Bai, eta gazteek 2. mailan jokatzen dugu.

Espero al zenuten bigarren mailako txapelketa irabaztea?
N.E.: Aukerak bagenituela jakin bagenekien, baina zaila izango zela uste genuen. u.a.: Finala Ontsalo-Agirre bikotearen aurka jokatu genuen. Txapelketako kanporaketa fasean, gure taldean lehen postuan sailatu zen bikote hori, eta haien aurka jokatu genuen lehen partida 30-27 emaitzarekin galdu genuen. Dena dela, uste genuen irabazteko aukeraren bat izango genuela, 27 punturekin galdu baigenuen lehen partida. Finaleko partida oso estua izan zen, eta 29-30 emaitzarekin irabaztea lortu genuen.

Bigarren maila irabazita, lehenengo mailara pasako al zarete?
N.E.: Ez, datorren urtean ere bigarren mailan jarraituko dugu, oraindik gazteak baigara.

Gustatuko al litzaizueke Aian pala sustatzea eta haur eta gazte gehiago animatzea?
N.E.: Bai, horregatik guk Aiako haurrak entrenatzen ditugu Eskola Kirolaren barruan. Nahi izanez gero, aukera ematen diegu alebin mailako Gipuzkoako txapelketan parte hartzeko, baina oraindik ez dira ausartzen.
U.A.: Horietako askok Aiako Eskola uzten dutenean, eta DBHra joaten direnean ez dute jaraituko palan jokatzen, ezagunagoak diren beste kirol batzuk aukeratzen baitituzte askok.
N.E.: Arazoa da, bakarren batek palan jokatzen jarraitzea erabakiko balu, beste herri batera joan beharko lukeela entrenatzera, Aiako klubean bere adineko besterik ez dagoelako. Gazte multzo bat animatzea nahiko genuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!