'Izeta IV.'a, Gabonetako Harri Jasotze Kopako finaletik kanpo

Karkara 2018ko abe. 17a, 10:10
Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.'a ez da Kopako finalean izango. (Uztarria)

Atzo izan ziren aizkolarien eta harri-jasotzaileen azken finalaurrekoak. Harri-jasotze saioan Izeta IV.a nagusitu bazen ere, finalera sailkatzeko kirolari bakoitzaren altxaldi kopurua denez kontuan hartzen dutena, hiru jasoaldiren tarteagatik gelditu zen finaletik kanpo.

Atzo, igandea, jokatu ziren Gabonetako Aizkolari eta Harri Jasotze Kopen azken finalaurrekoak, Otxandion. Izeta IV.a aiarrak eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrak neurtu zituzten indarrak, eta ehun kiloko harri kubikoa, zilindro zaharra eta bola altxatu behar izan zituzten. Izeta IV.a izan zen nagusi atzoko saioan, 78 jasoaldi eginda; Eizak 70 egin zituen. 

Dena den, Harri-jasotze koparen finalera sailkatzeko kirolari bakoitzaren altxaldi kopurua da kontuan hartzen dutena, eta hiru jasoaldiren tarteagatik gelditu da finaletik kanpo Izeta IV.a. Aiarrak Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan adierazi duenez penaz gelditu da finalaren atarian. Dena den, Aiako esan du gazteak indartsu datozela, eta horren jakitun dela. Elkarrizketa, hemen.

Horrenbestez, atzoko saioa amaitzean jakin zen zein harri-jasotzaile arituko diren nor baino nor abenduaren 31n Asteasun jokatuko den finalean. Hain zuzen, Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarrak, Inhar Urruzuno eta Imanol Albisu Goikoetxe harri-jasotzaileak izango dira Asteasun.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!