Belaunaldiz-belaunaldi, Gabon eskean herrian barrena

Ainara Lasa 2018ko abe. 23a, 17:17

Aian tradizio da Gabon zaharreko eskea. Jenerazioz-jenerazio eutsi diote ohiturari, herrigunetik auzo guztietako baserrietara ate joka joaten dira. Iriondo Baserriko hiru belaunaldik Gabon Eskea  nola bizi duten  azaldu digute. Ohiturak bizirik darrai.

Gabon kantua edo Oles egitea ere deitzen zaio zenbait lekutan baina, Aian, Gabon eskea esanda ulertzen da abenduaren 24an goizeko zortziak inguruan herriko kaskoan irten eta arratsaldeko hiruretarako bueltan berriro bertan bukatzen den jardunari.

Gabon eskea

Goxotasuna sentitzen da Iriondo Baserriko atea zeharkatu bezain pronto Autoa utzi, eta KARKARAko kazetariari ongietorria eman eta etxean hartzeko irrikaz daude Garbiñe Manterola, bere ama –Mirentxu Bidarreta– eta Garbiñeren hiru alabak. Betidanik irten gara 24an. Tradizioa da gurasoak eta seme-alabak, denok, herriko plazan goizean goiz elkartu eta haurren adinaren araberako taldeak egitea, oroitzen du Garbiñek irribarretsu, alabak ondoan buruarekin baieztatzen duten bitartean.

Garbiñek 36 urte ditu eta berak memoria duenetik Gabon eskean urtero ateratzen zirela dio: Eskolako txikienek –3 urte ingurukoek– herrigunea eta erdigune inguruko baserriak eta etxeak bisitatzen dituzte, beren gurasoez lagunduta. Haur Hezkuntzako 3 eta 4. mailakoek autoz egiten dute Aia herrigune inguruko baserrietara bisita, gurasoek lagunduta. Txiki-txikia nintzenean herriko etxeak pasatzen genituen; zertxobait hazitakoan, autoz inguruko auzoko baserriak, eta zahartzen joan heinean, zapatila erosoak jantzi eta ordu arte ezagutzen ez nituen baserrietatik eta auzoetatik barrena joan ohi ginen, Ubagun eta Lokate alderantz. Etapa guztietan, gurasoak beti presente.

Lardizabaldik behin aterata ere, ikasle ohiengan aztarna uzten du tradizio honek, ikasle ohiek ere, oinez, urrunen dauden auzoetatik jarduten baitira Gabon eskean. Institutura joan direnak eta Gaztelekuan dabiltzanak ere guraso bakar batzuekin juntatu, eta  Goiburu alderantz  jotzen dute. Manterolaren esanetan maldan gora egin eta ibilbide gogorrena egitera behartze dituen bailara.

Lardizabalgo Guraso Elkartea, motorra

Aiako Gabon eskea herri eskolako Guraso Elkarteak antolatu du betidanik, jardunaldi osoan jasotako diru guztia, ehuneko ehunean, Lardizabalera bideratzen da.

Garbiñe Manterolaren iritziz, Gabon eskeak izugarriko garrantzia du Aian. Batetik, gure eskolarentzat dirua biltzen da;  baina, batez ere –azpimarratzen du– gure  herria bere osotasunean ezagutzeko aukera ematen du.  Baserri mundua gertutik ezagutu, auzo eta etxe bakoitzean zein famili edo '-tarrak' bizi diren deskubritu, eta aiar jenerazio desberdinak juntatu eta festa giroan lurrez eta ondarez aberatsa den herri hau ikuspegi guztietatik ezagutzeko aukera ematen du, berresten du Manterolak.

Baserritarren harrera

Iriondo Baserriko Mirentxu Bidarreta ez da eskean aritzen.  Bere etxeko goxotasuna eskaintzeko haurrak eta gurasoak etorri zain egoten da.

Izugarri gustatzen zait gure baserriko ateak herritarrei irekitzea. Gabon eskean, baserri bakoitzak nahi duena ematen du: izan daiteke berotasuna , familia giroa, dirua... guztia da ongietorria, dio Bidarretak.

Iriondo Baserriko sukalde handi eta goxoan hartzen ditu Petrak herritarrak. Denak kantuan hasten dira, haur zein guraso, eta sekulako giroa sortzen da. Haurrentzat 'gusanitos' eta litxarrakeriak eta helduentzat ardo pixka bat eta 'pikatzeko zerbait'. Urteak daramatzat Gabon Eskean dabiltzanak etxea hartzen, eta benetan magikoa da

"Autoz? Ezta erotuta ere!"

Iriondo Baserriko sutondoan kontu kontari gabiltzala, bastoi hotsa entzuten da bat-batean. Txintik esan gabe, sukaldea zeharkatzen hasten da etxeko gizona. Garbiñe Manterolak eta familiak osaba Pako deitzen diote. Kaixo! Zure garaian Gabon Eskean irteten al zineten?, KARKARAko kazetariak botatako galderari, buruari bira emanez,  nola ez ba! indartsu bat bota du Pakok.

Gure garaian ez genuen autorik, ezta beharrik ere! Aiako auzo guztietako baserriak oinez bisitatzen genituen; goizean goiz atera eta gaueko azken ordura arte gora eta behera, gelditu gabe, ibiltzen aritzen ginen. Orain dena autoz egiten dute. Guk, ezta erotuta ere!, dio bastoia gora ekarriz Pakok. Bere gaian apaiz-etxean ikasten zuten, eta bertatik abiatzen ziren Gabon eskean, neskak alde batetik eta mutilak, bestetik, orduan bekatua baitzen elkarrekin ibiltzea!

Miresmenez begiratzen diote osaba Pakori Garbiñeren alabek: 12, 10 eta 9 urte dituzte Mireiak, Iratik eta Nereak, hurrenez hurren. Benetan desiratzen dute Gabon gaua. Plazan juntatzen gara eskolako ikasle denak. Inoiz ez dakizu zenbat elkartuko garen. Momentuan egiten dira taldeak, eta horrek ere guri gure ikastetxeko beste haurrak ezagutzeko aukera ematen digu, dio Mireiak.

Guraso asko ez dira etortzen eta pena da. Nire gelakide batzuen aita-amek ezin dutelako, Gabon Eskearen egun eder hau galtzen dute. Animatzen ditut aurten guraso guztiak eta Lardizabalgo ume guztiak 24an, astelehenean, goizeko bederatzietan herriko plazan elkartzera. Oso ondo pasako dugu!, diote hiru ahizpek aldi berean.

Arratsaldek saioa, Herriko Plazan

Goiza baserriz-baserri igarota, arratsaldeko 18:00etan ume zein guraso elkartzen dira Aiako plazan, erdiguneko etxeetan, atez-ate, gabon eskean jarduteko. Lehen maindire bat jartzen genuen, balkoietatik dirua botatzeko, gogoratzen du Garbiñek. Bere alabek ordea, sistema sofistikatuagoa erabiltzen dute gaur egun: Poltsa bat eramaten dugu bakoitzak eta etxeetakoei billeteak pintza batez helduta botatzeko eskatzen diegu!

Aurtengo eskea

Lardizabalgo guraso elkarteak, Aiako gazte asanbladak eta Aiako Kirol Elkarteak Gabon jaiei begirako egitarau zabala antolatu dute Aian Udalaren babesarekin. Abenduaren 21ean emango diote hasiera, eta urtarrilaren 5era bitartean izango dira ekimenak.

Abenduak 24, astelehenean, goizeko 09:00etan ekingo zaio Gabon eskeari. Herriko plazatik irten eta Aiako auzoetan barrena ibiliko dira gurasoak zein haurrak. Bisitatuko dituzten bailerako batzuk hauek dira: Laurgain auzoa, Kurpidea, Olaskoegia —Ubegun aldera egiten duten bidean—; Etxetaballa-Iruretaegia —zaharrenek egiten duten bidea, duen malda eta iristeko zailtasun maila tarteko —. Garbiñe Manterolaren esanetan sakrifizioak merezi du, Uztataburuko kroketak sekulakoak baitira.

Arratsaldean 18:00etan hasiko da herriko plazan jardunaldiko bigarren Gabon eskea. Hemen jende gehiago juntatu ohi da, erdiguneko etxeak bisitatzen baitira kantu kantari, trikiti soinuak lagun direla. Giro itzela izaten da, aiarrak animatzen ditut sikiera arratsaldeko Gabon eskean parte hartzera. Oso ondo pasako dugu!, diote Garbiñeren hiru alabek

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!