"Auzoarentzat oso garrantzitsua da auzotarrek elkartzeko eta jarduera desberdinak antolatzeko gune bat izatea"

Karkara 2019ko urt. 24a, 17:00

Igandean Andatzako auzo elkartea eta erabilera anitzeko gunea inauguratuko dituzte.

ARKAITZ IRURETAGOIENA - Andatzako auzo elkarteko kidea

Asteburuan auzo elkartea eta erabilera anitzeko gunea inauguratu behar dituzue. Azken hilabetetan erabilera anitzeko gunean egin al dira konponketa lanak?
Bai, martxoan auzoa elkartea martxan jarri genuen, baina goiko solairua egokitu gabe zegoen oraindik. Azken hilabetetan goiko solairuan konponketa lanak egin dituzte, eta lanak bukatu direnean, gela bakoitzari zer erabilera emango zaion zehaztu dugu. Behin prestaketa lanak bukatuta, inauguratu egingo dugu eraikina.

Auzotarrentzat garrantzitsua al da gune berria?
Auzoarentzat oso garrantzitsua da auzotarrek elkartzeko eta jarduera desberdinak antolatzeko gune bat izatea. Eskola itxi zenetik ez zaio erabilerarik eman eraikinari. Horregatik, alferrik galtzen utzi beharrean, bertan auzo elkartea egitea proposatu genion Aiako Udalari. 

Udalak finantzatu al ditu lanak?
Aiako Udalak obra zibila finantzatu du, eta elkarte gastronomikoaren ekipamendua auzo elkarteko kideek ordaindu dugu. Dena dela, aurrerantzean auzo elkartea arduratuko da erabilera anitzeko gunea kudeatzeaz. Norbaitek bertan zerbait antolatu nahi badu, udalera deitu beharrean, auzo elkartearekin jarri beharko du harremanetan.

Zer funtzio izango ditu erabilera anitzeko guneak?
Gela bat ludoteka izateko prestatu dugu, eta bestea ikasleek ikasteko eta talde lanak egiteko erabiliko dute, interneteko konexioa eta beharrezko azpiegitura izango ditu horretarako. Bestalde, aretoa ere badugu eta bertan mota desberdinetako hitzaldiak, ikastaro edo tailerrak eta jarduerak antolatu daitezke.

Gune berriak auzoa biziberritzen lagunduko duela uste al duzu?
Hori da gure helburu nagusia, auzoa biziberritzea. Denetik antolatu dezakegu bertan, eta proposamenak ongi-etorriak izango dira. Adibidez, gure aitona-amonek egiten zituzten jarduera asko galtzen dira. Agian auzoko gune berria aproposa izan daiteke belaunaldien artean ezagutza partekatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!