Andatzako auzo elkartea eta erabilera anitzeko aretoa inauguratu dituzte

Karkara 2019ko urt. 27a, 12:35

Trikiti doinuekin inauguratu dute gunea.

Aiako Udalaren laguntzarekin, Andatzako auzo elkartea eta erabilera anitzeko aretoa egokitu dituzte Andatzako Auzo Eskola zaharrean. Gaur, igandea, ospatu dute inaugurazio ekitaldia. Trikiti eta pandero artean ireki dituzte ateak. 

Orain 60 urte, auzolanean, auzotarrek sortu zuten Andatzako Auzo Eskola. Ondoren, 54 urtez auzotarren eskola izan da. 2013.urtean, ume gutxi zegoenez ateak ixtea heldu zitzaion eraikinari. Auzotarrek, guneari bizi berri bat emateko mugimendua sortzea erabaki zuten.  2015ean hasi ziren denen artean batzarrak egiten eta ze erabilera eman erabakia hartu zuten. Udalera joan eta lan talde bat osatu zen auzoan, bertatik sortu da proiektu hau.

Andatzako Eskola zaharra zena, auzotarren bilgunea izango da aurrerantzean. Martxoan jarri zuten elkarte gastronomikoa martxan, baina goiko solairua egokitu gabe zegoen oraindik. Azken hilabeteetan konponketa lanak egiten jardun dira bertan, eta lanak bukatu dituztenean, gela bakoitzari zer erabilera emango zaion zehaztu dute. Erabilera anitzeko gunea hainbat gelatan banatuta dago. Gela bat ludoteka izateko prestatu dute; beste bat ikasleek ikasteko eta talde lanak egiteko erabiliko dute, Interneteko konexioa eta beharrezko azpiegiturak ditu horretarako. Bestalde, aretoa ere badu auzo elkarteak, eta bertan mota desberdinetako hitzaldi, ikastaro, tailerrak edo jarduerak antolatzea da asmoa.

Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak eskerrak eman dizkie auzotarrei proiektuan jarritako ilusio eta indarragatik: Lehenengo aldiz eraikinera etorri nintzenean auzotarrek jada eratuta zuten nolako eraikina eta zertarako izatea nahi zuten, garrantzitsuena falta zen, ordea, martxan jartzea.  Pixkanaka forma ematen hasi ginen eta nik uste dut oso emaitza ona lortu dugula. Luzea izan da bidea, baina ilusio handikoa. Auzotarrak izan dira gehienbat lagundu dutenak edo bide honetan indarra jarri dutenak behintzat. Auzoak bizi, sortu, ekintzak egin... nahi badu bertan dagoen jendeak eman behar du bultzada hori. Ilusio handiz daudela ikusten dut eta hori da garrantzitsuena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!