"Pagoeta Parke Naturaleko txoko ezkutuak ezagutzeko aukera eskaintzen du mendi lasterketak"

Aiako Kirol Elkarteko kide Arkaitz Iruretagoiena

Datorren iganderako Aiako VIII. Mendi Lasterketa antolatu du Aiako Kirol Elkarteak, eta probaren xehetasunak izan ditu hizpide kirol elkarteko kide Arkaitz Iruretagoienak.

ARKAITZ IRURETAGOIENA - Aiako Kirol Elkarteko kidea

Igandean Aiako Mendi Lasterketa jokatuko da zortzigarren aldiz. Proba egonkortzen joan al da urtez urte?
Lehen aldiz mendi lasterketa antolatu genuenean, ez genekien zer bilakaera izango zuen. Urtez urte proiektua egonkortzen joan da, eta egun gure erronka lasterketaren data finkatzea da, korrikalariek beren plangintza egiterakoan kontutan hartu dezaten.

Bestetik, zortzi urte hauetan aldaketak ere izan ditu lasterketak. Hasieran ibilbidea motzagoa eta gogorragoa zen; gaur egun luzeagoa da, eta Pagoetako Parke Naturalean barrena egiten da lasterketaren zatirik handiena. 

Zer moduzko erantzuna izaten ari da lasterketak herritarren artean?
Oso gustura gaude lasterketak herritarren artean izaten duen erantzunarekin. Orain arte 230 lagunek eman dute izena, eta beste urtetan bezala 250-300 korrikalari inguru biltzea espero dugu. Normalean aiarrek eta inguruko herrietako korrikalariek parte hartzen dute proban, baina badira Nafarroatik eta Iparraldetik  etortzen direnak ere. Izan ere, kirola eginez Aiako parajeez gozatzeko eta Pagoeta Parke Naturaleko txoko ezkutuak ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Ibilbideari dagokionean ba al dago bereziki gogorra den zatiren bat?
Hasiera nahiko gogorra da, lehen bi kilometroetan 400 metroko gora-behera gainditu behar baita. Gainera, teknikoki ere badu bere zailtasuna, haitz eta harri artetik pasa behar baitute parte-hartzaileek. Normalean, lehen zati horretan jakiten da nor jarriko diren lasterketaren buruan.

Distantziari dagokionean beste lasterketa batzuk baino motzagoa ere bada Aiako Mendi Lasterketa, ezta?
Bai, 15 kilometro inguru ditu, eta horri esker maila desberdinetako korrikalariak biltzen ditu probak. kirolariak biltzen ditu probak. Kirol maila altua izanda mendi lasterketa luzeagoak egitera ohituta daudenentzat entrenamendu modukoa izan ohi da Aiako Mendi Lasterketa. Kirol maila xumeagoa dutenak berriz, mendiaz gozatzeko eta ahal den lanik txukunena egiteko asmoz parte hartzen dute. Giro ederra sortzen da parte-hartzaileen artean.

Bestalde, parte hartzaile guztientzat oparitxoa ere eskaintzen duzue Aiako Mendi Lasterketan.
Aiako Mendi Lasterketak herria, bertako altxor naturala eta gastronomia ezagutaraztea ere baditu helburu, eta horretarako ezinbestekoak dira Aiako Udalak eta herriko ekoizleek eta enpresek ematen duten laguntza. Gizonezkoen eta emakumezkoen kategorian lehen hiru sailkatuek sari ekonomikoa eta Ameztoi etxeko produktuen lotea jasoko dituzte. Horrez gain, lehen aiarrek (gizon eta emakume kategorian), 50 euroko saria izango dute, Txukun Lorazantzaren eskutik. Gainera, parte hartzaile guztiei herriko produktuen kaxa bana banatuko diegu.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!