Lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak astelehen goizaldean Aian

Karkara 2019ko ots. 20a, 10:03

Poliziaren arabera, Donostian lapurreta egin nahi zuten, eta ertzainak ikustean, ihesari ekin zioten autoz. Azkenean Oria ibaiaren padura inguruan aurkitu zituzten, sastraka artean, urradura eta zauriekin.

Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi du astelehen goizaldean lau pertsona atxilotu zituela Aiako lurretan, Oria ibaiko padura inguruan. 

Antza, Donostiako merkatal gune baten aparkalekuan auto susmagarri bat ikusi zuten ertzainek astelehenean 03:00ak aldera, eta autokoek ihesari ekin zioten ertzainak ikusi zituztenean. Ertzaintzaren arabera, Madrildik etorri ziren atxilotuak, han lapurtutako auto batean.

Poliziak azaldu duenez, abiadura handian ihes egin zuten lau gizonezkoek, eta AP-8 autobidean sartu ziren aurrena, Irunerako noranzkoan, argiak piztu gabe eta ausarkeriaz jokatuz. Betiere Ertzaintzak esandakoaren arabera, Irunen ordainlekuko hesiaren kontra egin zuten talka, eta tronpoa eginda noranzkoa aldatu zuten Gaintxurizketarako norabidean, ustez berriz ere GI-20 eta AP-8rantz itzultzeko eta Bilborako noranzkoa hartzeko.

Inplikatuak abiadura handian eta ausarkeriaz zirkulatzen ari zirela esan du Ertzaintzak, eta horregatik Donostiako, Errenteriako eta Urola Kostako Ertzain-etxeetako agenteak mobilizatu zituela ihesi zihoan ibilgailua aurkitu eta kontrolatu ahal izateko.

Prentsa oharrak dioenez, autoa Zarauzko ordainlekutik irten zenean ikusti zuten berriz. Ordainlekuko hesia hautsi zuen eta N-634 errepidetik Oriorako noranzkoa hartu zuen. Dirudienez, beste bidegurutze batean poliziak inguratu zituenean, autoa auzo-bide batean sartu zen, Oria ibaiaren paraleloan, Aiako Santio Erreka auzorako norabidean, eta bertan aurkitu zuten ertzainek lau ateak zabalik zituela.

Ertzainak lau gizonen bila aritu ziren, eta Motondoko paduran, sastraka artean eta lokaztian egindako miaketen ondoren aurkitu zituzten lau gizonezkoak. Antza, horietako hiru bustita zeuden itsasadarreko uretan sartu zirenlako, eta sasiek eragindako urradurak eta zauriak zituzten. Laugarrena sastrakadi batean aurkitu zuten, eta honek ere urradurak zituen gorputzean.

Ertzaintzak esandakoaren arabera, lapurretan erabili ohi diren hainbat erreminta aurkitu zituzten ibilgailuan, eta  autoak matrikula-plaka desberdinak zeramatzan aurrean eta atzean.

Atzo, asteartea, eraman zituzten lau atxilotuak Azpeitiako Epaitegiko epailearen aurrera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!