Pat Cowie: "Adin horretan hizkuntzari beldurra kentzea da helburua"

Karkara 2019ko ots. 24a, 20:00

32 urte daramatza Aian Pat Cowiek. Haur, gazte zein heldu askoren ingeleseko irakasle izan da hamabost urtez. Horretarako kantuak, antzerkiak eta bestelako metodologia dinamikoak erabili ditu.

Eskozian jaio zen Pat Cowie, ekialdeko kostaldean, Portgordon. Unibertsitate ikasketak egitera Newcastlera joan zen. Caracasen eta Ingalaterran bizitzen egon ondoren, Euskal Herrira  iritsi zen 39 urte zituela senarrarekin batera, Aiara.  Iritsi eta hilabetera euskara ikasteari ekin zion, nahiz eta senarrarekin eta seme alabekin beti ingelesez egin izan duen etxean.

Noiz eta non hasi zinen ingeleseko klaseak ematen?
Euskal Herrira iritsi eta bi urtera ekin nien klaseei, 1988an. Akademia propioa ireki nuen Orion, bertan adin guztietako ikasleak eduki nituen, haur, gazte zein heldu.  Hamar bat urte egon nintzen, krisiak eraginda itxi behar izan nuen arte.  Ondoren, KARKARAn egin nuen lan urte batzuetan, baina berriz ere 2004an ingeleseko klaseak ematen hasi nintzen, kasu honetan, ordea, Aian.

Zerk bultzatu zintuen berriz ere klaseak ematen hastera?
Udalak eskaini zidan herrian nire zerbitzuak ematen hasteko aukera, horretarako, kultur etxean lekua utzi zidaten. Nik kudeatzen nuen dena, alde batetik helduak nituen eta bestetik bosgarren eta seigarren mailako gaztetxoak.

Ze oroitzapen dituzu etapa haren inguruan?
Berezia izan zen Aian lan egitea, bertako jendea ezagutzen nuen. Ordura arte zaila zuten umeek eskolaz kanpoko ekintzetara joatea, asko baserrietan bizi ziren eta eskola ordutatik aurrera ezin izaten zuten Oriora edo Zarautza mugitu ingeleseko klaseak jasotzera.
Gogoan dut nirekin egon ziren bi mailetako umeak ikaragarri mugituak zirela, energiaz beteta etortzen ziren, a zer zarata! Lasaitzeko kantatzen jartzen nituen ingelesez, sekulako gogoa jartzen zuten, ikaragarri disfrutatzen zuten.

Asko hobetu zuten ingeles maila?
Adin horretan helburua ez da maila hobetzea, nire ustez garrantzitsuena ingelesari dioten beldurra eta sentitzen duten lotsa kentzea da. Horrek bidea errazten dio etorkizunean ikasteari.

Zer moduzko harremana egin zenuen umeekin?
Egia esan harrigarria da genuen harremana, edozein egoera ematen zela ere izugarrizko errespetua zegoen denon artean, ez nituen tratatzen umeak bezala, energia asko behar nuen berak gidatzeko baina beti parean ginela sentitzen nuen. Bai nire aldetik eta baita beraienetik ere.

Jarraitzen du harreman horrek gaur egun?
Egia esan herritik kanpo bizi naiz, nire umeak haurrak zirenean beti nengoen herrian gauza guztietan parte hartzen. Orain ez daudenez hemen, nire bizitza Orion eta Zarautzen gehiago enfokatu da. Hala ere asko gogoratzen naiz haietaz, batez ere garai hartako argazki zaharrak eta DVD-ak aurkitzen ditudanean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!