Mikel Oteiza: “Asko eskertzen diet gurasoei ingelesa ikasteko bultzada"

Karkara 2019ko ots. 24a, 20:15

Gaztetxoa zenetik du Mikel Oteizak toki eta jende berria ezagutzeko grina. Ingelesa ikasteko atzerrira egindako bidaiek hizkuntzarekin lotura berezia izatea eragin diote. Orain, bere egunerokotasunaren parte da ingelesa.

22 urte ditu Mikel Oteizak eta Bilbon bizi da Medikuntzako Gradua ikasten Basurtoko fakultatean. Graduko 5.mailan dago, hurrengo urtean egingo ditu ospitaleko praktikak, Ekuadorren.

Aian bizi zara baina 18 urte zenituenetik Bilbon bizi zara.
Bai, nik uste kanpora ateratzea bilatu izan dudala bizitza osoan. Txikitatik dudan zerbait da. Nire gurasoek Ingalaterrara bidali ninduten uda batez, 14 bat urterekin. Hasieran txoke handia izan zen baina oso gustura egon nintzen jendea ezagutzen. Gero, jarraian, Irlandara  joan nintzen birritan.

Hiru uda horiek atzerrian lagundu zizuten hizkuntza hobetzen?
Bai, hobetu nuen baina egia esan lehen bidaia hura egiterako jada ingeles maila nahiko altua nuen, Aiako eskolatik Lizardira joan ginenerako gogoratzen dut oso maila ona genuela Aiarrok bertakoekin alderatuta.

Neurri batean, beraz, Pat Cowierekin lortu zenuten ingeles maila altu hori?
Bai Pat-i esker eta baita eskolan ikasitakoari esker ere. Oroitzapen oso onak ditut eskolaz kanpoko klase horietaz. Klaseak oso interaktiboak ziren, bi ikasturte pasa genituen Pat-ekin. Askotan kuadrillako afarietan eta garai haietaz gogoratzen gara, egiten genituen antzerkiak, grabatzen genituen DVDak... Ez ginen kontziente ordea, hain zaratatsuak ginenik, kar-kar.

Zertan aldatu da zure ingelesarekiko pentsaera garai hartatik gaur arte?
Klase horietan ez genuen teoria asko ikasi baina ikaragarri familiarizatu ginen hizkuntzarekin. Garai hartan genuen sentsazioa zen etorkizunerako ondo etorriko zitzaigula ingelesa jakin eta menperatzea. Orain, berriz, bizitza disfrutatzeko baliabide bat iruditzen zait.
Zinea oso gustuko dut eta zirkuitu komertzial arruntetatik atera nahi baduzu esparru horretan, ingelesa bai edo bai kontrolatu behar duzu.

Autonomia handia eman dizu, beraz?
Bai, asko, hizkuntza unibertsala da, gaur egun gakoa da menperatzea.

Egunerokotasunean jarraitzen duzu ingelesarekin hartu emanean?
Bai, lagun bat dut Donostiako turismo bulegoan lanean, bisitariak joaten zaizkionean niri deitzen dit haiekin komunikatzeko. Oraintxe bertan gainera, Gradu Amaierako Lanarekin nabil buru belarri eta irakurtzen nabilen artikulu zientifiko guztiak ingelesez dira.
Txikitan beste era batera ikusten banuen ere orain asko eskertzen diet gurasoei hizkuntza hau ikasteko emandako bultzada guztia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!