Maddi Aldai: “Ingelesez euskaraz bezalaxe egiteak asko bete ninduen”

Karkara 2019ko ots. 24a, 20:30

Haurra zenean hasi zen ingelesean trebatzen Maddi Aldai, eta azken ikasturte honetan atzerrian bizitako esperientziarekin hizkuntza menperatzea lortu du.

21 urte ditu Maddi Aldaik. Garraioko eta logistikako goi mailako zikloa ikasi du eta gaur egun lanean dabil garraio berezien Donostiako enpresa batean. Hainbat ardura ditu bertan, hala nola, garraioen eta gidarien gestioa aurrera ematea, bezeroekin egunerokotasunean hitz egitea, bidaiak antolatzea...

Pat Cowierekin bi urte egin zenituen ingelesa ikasten, orduz geroztik jarraipenik eman diozu?
Egia esan bai,  Lizardin jarraitu genuen ingelesarekin, eta ondoren, klase partikularrak jaso nituen Holandako mutil batekin.  
Urte asko pasa ditut ingelesa hobetzen. Lehenengo titulua, FIRST-a 16 bat urterekin atera nuen. Goi mailako zikloa egiterakoan ere ez nuen alde batera utzi.
Ikasketen bigarren urtean, gainera, goizetan ikastera joaten nintzen eta arratsaldeetan lanera. Azkenean erabakia hartu nuen bizitzari aldaketa eman behar niola eta gaztea izanik nahiko denbora banuela lan egiteko aurrerago ere. Horregatik, Londresera joan nintzen bizitzera urte betez, asko eskertu nuen ordura arte hizkuntza ikasten ibili izana.

Esperientzia ona izan ahal da?
Hasieran urduritasun asko pasa nuen, hitzak trabatzen zitzaizkidan, ez nintzen ondo adierazten.
Pixkanaka- pixkanaka hobetzen joan zen egoera hori, ordea, han ere hizkuntza ikasteko klaseetan ibili nintzen urte guztian zehar.

Ingelesarekin lehenengo hartu emana Aiako eskolan eta Pat-en klaseetan izan zenuen. Ze oroitzapen dituzu?
Oso onak, gogoratzen dut DVD bat egiten zela eta hori ikustea sekulako oroitzapena da gaur egun.
Oso ondo pasatzen genuen, ez zen teoria hutsa bakarrik ematen, oso dinamikoak ziren klaseak. Antzerkiak egiten genituen, kantatu...
Orokorrean esango nuke oso gustura joaten ginela denok.

Ingelesa ikasten jarraitzeko asmorik ba al duzu hemendik aurrera?
Bai, ez dut hizkuntza galdu nahi. Egunerokotasunean entzuten ez denean hizkuntza bat azkenean galdu egiten da, batez ere hitz egiteko erraztasun hori.
Londresen nengoela amaiera aldean konturatzen nintzen jada automatikoki ateratzen zitzaidala, orain euskaraz ari naizen bezalaxe irteten zitzaidan ingelesa ere. Horrek pertsonalki izugarri bete ninduen.

Beste tituluren bat ateratzeko asmoarekin zabiltza, beraz?
Bai, hori da nire asmoa egia esan, klaseak jasotzen jarraitu nahi dut, orain arte ikasitakoa ez galtzeko eta  Londresen eskuratu dudan erraztasun horri eusteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!