Landare Berezien Azokarako boluntarioak behar dituzte

Karkara 2019ko api. 2a, 12:00
2018ko Landare Berezien Azoka.

Apirilaren 27an eta 28an egingo da XVII. Landare Berezien Azoka Pagoeta Parke Naturaleko Iturraran Parketxean.

Landare Berezien Azokak jendetza biltzen du urtero, eta antolaketa berezia behar izaten da. Iturraran parketxeko arduradunek azaldu dutenez, "Landare Berezien Azokan ibilgailuek ezin izaten dute Iturraranen aparkatu, horregatik Aian eta Orion aparkaleku bereziak prestatzen ditugu,  eta autobusak antolatzen ditugu Iturraranera joan-etorria egiteko".

Bestalde, kontsigna zerbitzua ere antolatzen dute , herritarrek erosi dituzten landareak Iturraranen jaso, eta Aiako eta Orioko aparkalekuetan erosleen artean banatzeko.

Horrez gain, mintegietako arduradun asko frantziarrak izaten direnez, horien eta erosleen arteko harremana errazteko frantses itzultzaileak ere izaten ditu Landare Berezien Azokak.

Horregatik, Iturraran parketxetik jakinarazi dute, boluntarioak beha dituela Landare Berezien Azokak, eta Aiako eta Orioko herritarrei ekimenean parte hartzeko deia luzatu diete. Ekimenean boluntario lana egin nahi dutenek, Iturraran parketxera deitu dezakete, 943-835389 telefono zenbakira, 10:00etatik 14:00etara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!