2019ko udal hauteskundeak

"Aiarren bizi kalitatea hobetzeko" lan egingo duen taldea aurkeztu du EH Bilduk

Karkara 2019ko mai. 12a, 18:30

Aiako EH Bilduk gaur aurkeztu ditu maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendakideak. Aritz Arruti egungo zinegotziaren gidaritzapean, herriko plazan egin dute ekitaldia.

Aurkeztu ditu Aiako EH Bilduk udal hauteskundeetan aurkeztuko duten zerrendako kideak. Aritz Arrutik gidatu du gaur goizeko aurkezpen ekitaldia, eta hasteko, koalizioak azken agintaldian egindakoen errepaso orokorra egin du. Azaldu du Ameztiko eraikinaren afera "gertutik zaindu behar izatearekin" ezin izan dutela aiarrekin duten harremana "behar beste zaindu". Dena den, herriko zenbait eragileren laguntzaz "lorpenak" ere izan dituztela esan du: euskara ikastaroetarako dirulaguntzak edo zenbait udal eraikinetarako sarbideak gurpildun aulkientzako egokitzea, besteak beste. Hala ere, egiteko asko dagoela Azpimarratu du Arrutik. Lardizabalen irteeran zaborrontzi grisak soilik daudela, Etxetxotik gora doan bidean oinezkoek lehentasuna dutela dioen seinalea lurrean dagoela "horrek sor dezakeen arriskuarekin", edukiontzietako pedalak egokitu gabe daudela eta abar.

Jarraian, udal hauteskundeetarako aurkeztuko diren kideak zerrendatu ditu Arrutik: Iñaki Telleria Astigarraga, Hodeiza Sallen Molinero, Aitor Arregi Eizagirre, Gontzal Alday Salaverria, Irati Eizagirre Agirre, Martxel Alday Salaverria, Amaia Iturzaeta Orbañanos, Jose Antonio Jaka Aldakur, Aritz Arruti Mintegi eta Maitane Arrillaga Aldalur eta Jaione Iribar Mantzizidor. Hautagaiak banaka atera mikrofonora eta beren burua aurkeztu dute.

Aiako EH Bilduk osatu duen programak lau oinarri nagusi ditu: auzolana, gardentasuna, kudeaketa eta konpromisoa. Irati Eizagirrek azaldu du Aiatik igarotzen diren lineako autobusen zerbitzua "pobrea" dela eta hori aldatzeko lan egingo dutela. "Donostiar bakoitzean inbertitzen denaren laurdena baino gutxiago eskaintzen zaio aiar bakoitzari. Ez dugu bigarren mailako gipuzkoarrak izan nahi". Horrez gain, etxebizitzen arazoa izan du ahotan Gontzal Alday-k. "Herriko gazteen %90a kanpora joaten da bizitzera hemengo prezioak altuegiak direlako. Gainera, ez dago ia alokairurako aukerarik Aian". Horregatik, alokairu sozialaren alde egingo dutela esanez burutu du Alday-k.

Jarraian, Aitor Arregik auzoei eta auzolanari egin die erreferentzia. "Egiari zor, EH Bilduk azken lau urteetan nahiko baztertuta izan ditu auzoak". Egungo gobernuak, ordea, auzoetan hainbat eraberritze egin dituen arren, "argazkirako bakarrik" egin dituela salatu du Arregik. "Ahoa betetzen zaie kudeaketarekin, eta ondoren lan horiek ez dira ondo mantentzen".

Amaitzeko, Iñigo Telleria alkategaiak hartu du hitza. Azaldu du zerrandakideek "demokarazian sinesten" dutela eta "herria guztiek ostatzen" dutela. Bere hitza eman du aipatu duten gardentasunetik ez direla aldenduko, eta duela bi agintaldi eraikitzen hasi ziren Ameztiko etxea aipatu du, gardentasun ezaren ikur gisa. "Guri ez zaigu hori gertatuko". "Ateak irekita" izango dituztela esan du Telleriak, eta asmoa "indarrak batzea" eta "herritarren iritzi eta sentimenduak biltzea" dela azaldu du, gero beraiek gauzatu ahal izateko: "gure bultzada izango duzue". Azkenik, "azpijokoaz nazkatuta" daudela eta, EH Bilduri botoa emateko eskatuz burutu du hitzaldia alkategaiak. Modu originalean amaitu dute ekitaldia koalizioko kideek. Aitor Arruti egungo zinegotziak bertsoa bota du botoa eskatuz, eta irribarre batez eta txalo beroz jaso dute herriko plazan ziren herritarrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!