Udako jarduerak antolatu ditu Aiako Udalak, haurrentzat eta gaztetxoentzat

Karkara 2019ko mai. 22a, 15:00
Haur eta gaztetxo mordoak parte hartu zuen iaz Aiako udalekuetan.

Aiako haurrek eta gaztetxoek uda sasoi atsegina pasa dezaten, ekimen sorta antolatu du Aiako Udalak uztailerako. Horietan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 31 bitartean eman dezakete izena Aiako Kultur Etxean.

Udalekuak, uztailaren 1etik 26ra
3-11 urte bitarteko haurrei zuzendutako udaleku irekiak antolatu ditu Aiako Udalak. Uztailean izango da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Dena dela, zaintza zerbitzua jarriko dute 08:00etatik 10:00etara, gutxienez hamar laguneko taldea osatzen bada.
Aiako haurrek 60 euro ordainduko dituzte udaleku irekietan parte hartzeko, eta gainontzekoek 80 euro. Hala ere, familia bereko hiru kidek izena ematen badute, 3. haurrak erdia ordainduko du. Horrez gain, Aiako Udalak autobus zerbitzu berezia eskainiko du auzoetako haurrak udalekuetara joan daitezen. Zerbitzu horrek 20 euroko kostua izango du.

Kirol ikastaroak
- Igeriketa ikastaroa: uztailaren 1etik 26ra izango da, astelehenetik ostiralera, eta egun bakoitzean 45 minutuko saioa egingo dute. Lau urtetik gorako haurrei zuzenduta dago.
- Tenis ikastaroa: uztaileko lehen hamabostaldirako antolatu dute, eta hamar ordukoa izango da. Arratsaldetan eskainiko dute, eta ordubeteko saioa egingo dute egun bakoitzean. Ikastaro hau zazpi urtetik gorako haurrentzat izango da. -- Kirol ikastaroen prezioak
Tenisa 20 euro
Igeriketa 28 euro
Igeriketa eta tenisa 45 euro

Udaleku irekietan edo kirol ikastaroetan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 31 bitartean eman dezakete izena Aiako Kultur Etxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!