45 parte hartzaile izango dira etzi Aia eta Andatza arteko XI. auto igoeran

Karkara 2019ko mai. 23a, 11:00

Gipuzkoako Txapelketarako proba puntuagarria izango da etzikoa. 14:00etan hasiko dira entseatzen, eta jarraian jokatuko dituzte txanda puntuagarriak. Andoni Iruretagoiena aiarrak hartuko du parte lasterketan.

Maiatzaren 31an, larunbatarekin, Aia eta Andatza arteko errepidean XI. auto igoera jokatuko dute. Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria izango da proba. Eguardiko 14:00etan emango diote hasiera lehenengo txandari, eta 47 auto gidari lehiatuko dira.

Lau aldiz egin beharko dute pilotuek ia lau kilometroko ibilbidea kronometroaren aurka, lehenengo bi igoerak entrenamenduko mangak izanik. Beste bi igoera ofizialetako denborarik onena izango da azken sailkapenerako balioko duen denbora, nahiz eta bi manga ofizialek puntuatuko duten Txapelketako puntuaziorako. Igoera honetako denborarik onena, errekorra, Aitor Zabaletaren esku dago, 2015ean lortu zuen 1:54:171 denborarekin, bataz beste 118 km/h-ko abiadurarekin.

Larunbat goizetik hasiko dira ikusten ibilgailuak Aian, Gozategi plazan, goizeko 9:30etik 12:00etara bitartean egingo dituzte egiaztatze administratiboak eta teknikoak. Arratsaldean errepidea itxi egingo da 13:30ean, eta 15:00etan hasiko da lehenengo entrenamendu-igoera. Ondoren egingo dira gainerako hiru igoerak, eta pilotuak ahalik eta denborarik onena lortzen saiatuko dira. Pilotuek lortutako denborak on-line jarraitu ahal izango dira www.fotomotor.es webgunean, eta, Euskadi Irratiak ere jarraipen berezia egingo dio probari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!