2019ko udal hauteskundeak

EAJ izan da alderdirik bozktuena Aian

Karkara 2019ko mai. 26a, 22:41

Sei zinegotzi lortu ditu EAJk Aian eta bost zinegotzi EH Bilduk.

Goizean goizetik giro berezia antzeman da Aiako kaskoan. Hauteskunde egunetan gertatzen den moduan, herriko auzo desberdinetako eta baserrietako auzotarrak gerturatu baitira herrigunera botoa ematera. Parte-hartzea %65,89ekoa izan da, iaz baino %1,39 puntu txikiagoa.

20:00etan puntuan itxi dituzte hautetsontziak Aian, eta azkar egin dute kontaketa. Lehenengo Europako parlamenturako botoak kontatu dituzte, eta ondoren udal hauteskundeetakoak. Ez da ezustekorik izan, EAJk lortu baititu boto gehien Aian, 549 boto hain zuzen ere. Bestetik, 2015eko datuekin alderatuz, gora egin du EH Bilduk 417 boto jasota. Hortaz, sei zinegotzi lortu ditu EAJk eta bost EH Bilduk. PSE-EEk berriz 23 boto lortu ditu, baina ez du zinegotzirik lortu. %34, 11ko abstentzioa izan da Aian udal hauteskundeetan, eta 14 boto zuri eta 9 baliogabe izan dira.

Hurrengo hautetsiek osatuko dute Aiako udalbatza: Nekane Arrizabalaga izango da alkatea, EAJko Arkaitz Iruretagoiena, Iñigo Etxabe, Miriam Sarasola, Estibaliz Lizarreta eta Aharoa Zuloaga; EH Bildutik Iñaki Telleria, Hodeiza Sallen, Aitor Arregi, Gontzal Aldai eta Irati Eizagirre.

EAJko alkategai Nekane Arrizabalaga "oso gustura" dago lortutako emaitzarekin. "Zinegotzi bat galdu dugu, baina gu normalean 5-6 zinegotzi buelta horretan ibili izan gara beti, eta pozik gaude beste behin alderdirik bozkatuena izan garelako". Bestetik, Arrizabalagak eskerrak eman dizkie EAJren kudeaketan sinetsi duten aiarrei. "Herritarren babesari esker, hurrengo lau urtetan, gure herri eredua lantzen jarraituko dugu, Aia hobe bat lortzeko bidean". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!