Igande honetan izango da denboraldiko azken erromeria Andatzan

Karkara 2019ko eka. 10a, 18:00

Eneko Dorronsoro eta Andoni Ezkerra trikitilarien emanaldia izango da denboraldi honetako azkena. Andatzako Erromeria Elkarteak azaldu du "arrakasta handia" izan duela denboraldiak; auzora "betiko jendea eta jende berria" bertaratu dela diote.

Andatzako Erromeria Elkartearen eskutik, denboraldi honetan 27 emanaldi izan dira Aiako Andatza auzoan, igandeetan. Igande honetan izango da denboraldiko azken saioa; Eneko Dorronsoro eta Andoni Ezkerra trikitilariak taularatuko dira 18:30ean, eta 21:30ak arte arituko dira auzoa girotzen.

Elkarteko kideen arabera, "arrakasta handia" izan du aurtengo denboraldiak. Auzora "betiko jendea eta jende berria" bertaratu dela diote, "erromeriarekin eta festarekin gozatzeko asmoz, eta gure ohiturak indartzeko gogoz". "Aurtengo saioetan momentuko trikitilaririk aipagarrienetakoek hartu dute parte", gehitu dute.

"Hori horrela izan dadin lagundu diguten jende guztia eskertu nahi dugu", adierazi dute elkartekoek: "Trikitilariak, prentsa eta irratiak, Aiako Udala eta Aristerrazu Jatetxea, guztien laguntza gabe ez baitzen posible izango Aristerrazuko erromeriek lortu duten arrakasta lortzea".

Bestalde, hurrengo denboraldia urrian hasiko dela ere iragarri dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!