Irudietan: San Joan bezperako usadio zaharra bizirik mantentzen dute Aiako baserrietan eta kaskoan

Karkara 2019ko eka. 24a, 09:42

Aian San Joan suaren inguruan, 'San Joan Txiki' abestia kantatu ohi dute haurrek.

Berezia izaten da San Joan bezpera Aian, oraindik antzinako tradizioa bizirik mantentzen baitute baserrietan eta kaskoan. Familia bildu ohi da baserrian udako solstizioa ospatzeko, eta San Joan Txiki abestia kantatzen dute haurrek eta gazteek suaren inguruan. "Nik betidanik ezagutu dut usadio zaharra baserrian. Garai batean inguruko baserrietako neska-mutilak biltzen ginen suaren inguruan kantatzeko. Oraindik baserri askotan mantentzen dugu ohitura, baina ez dakit jarraipenik izango ote duen, gazte askok ez baitiote kasurik egiten mota horretako ohitura zaharrei", azaldu zuen atzo kezkatuta, baserriko San Joan suari begira zegoen 80 urte inguruko baserritar batek. Beste baserri batzuetan ordea, haurrak eta gazteak dira San Joan suaren usadia gehien bizi dutenak, atzo iluntzean ilusioz beteta begiratzen baitzuten aitak edo aitonak prestatutako sua; "gure sua da politena" zioten pozez.

Baserrietan ez ezik, herrigunean ere ospatu zuten San Joan sua, Aiako Guraso Elkarteak antolatuta. 22:00ak inguruan hasi zen San Joan bezperako ospakizuna Aiako kaskoan, eta haur, gazte eta heldu mordoa bildu ziren plazan, suaren inguruan dantza egiteko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!