Ate joka dira Santio Errekako jaiak

Karkara 2019ko uzt. 23a, 15:00

Bihar hasiko dira Santio Errekako jaiak. Auzokideek udaberriaren atarian ekin zieten prestakuntza lanei, eta urtero bezala, adin guztietako herritarrei begirako egitaraua da emaitza. Asteartera arte izango dira ospakizunak.

Uztailaren azken txanpan murgildu gara, eta dagoeneko ate joka dira Santio Errekako jaiak. Aurten ere udaberriaren atarian ekin zioten festak antolatzeari hainbat auzokidek. Badira 10 urte baino gehiago auzoan jaiak egiten eta bizitzen dituztela, eta bide horretan, belaunaldi desberdinek jarri dute euren alea. Oraingoan adin desberdineko bizilagunak elkartu dira prestakuntza lanetan, eta datorren urteari begira, elkarte modura hastea ere badute esku artean.

Naroa Etxeberria Santio Errekako auzokideak azaldu duenez, egitarauak antzeko jarduerak barnebiltzen ditu urtero; hala nola, herri kirolak, bertsolaritza edota trikitilariak. Berrikuntza modura, haurrei zuzendutako egitasmo gehiago antolatu dituzte aurten; esaterako, jolasak eta puzgarriak. Hala, adin guztietako herritarrei begirako egitaraua osatzen ahalegindu dira oraingoan ere.

Bihar, uztailak 24, jarriko dituzte martxan ospakizunak. Gauean hasiko da jaia; DJ Ibonek girotuko du auzoa 23:00etatik aurrera. Goizaldera, baina, izango da zerri heldu; oilasko biltzea egingo dute auzokideek, urtero bezala. Santio Egunean, uztailak 25, goizean goiz hasiko dira jarduerak; meza eta hamaiketakoa izango dira 10:30ean hasita, eta gero, herri kiroletan arituko dira Ostolaza eskolakoak eta auzoko gazteak.

Bihartik hasita asteartera arte izango dira aurtengo ospakizunak. Hona hemen egitaraua osorik:

Egitaraua

Uztailak 24, asteazkena

  • 23:30. DJ Ibon.
  • Goizaldean, oilasko biltzea.

Uztailak 25, osteguna. Santio Eguna

  • 10:30. Meza.
  • Jarraian, hamaiketakoa egingo dute adinekoek.
  • Ondoren, herri kiroletan arituko dira Ostolaza eskolako kideak eta auzoko gazteak. Arriya V.ak eta Zalduak Pentatloi saiakera ere egingo dute.

Uztailak 26, ostirala. Santa Ana Eguna

  • 10:30. Meza.
  • 12:00. Haurrentzako jolasak.
  • 16:30. Puzgarriak.
  • 23:00. Fan&Go taldearen kontzertua.

Uztailak 27, larunbata

  • 16:30. Mus txapelketa. 16:00etan izango da izen-ematea.
  • 22:00. Aitor Mendiluze, Jone Uria, Sustrai Colina eta Sebastian Lizaso bertsolariak ariko dira kantuan.
  • 00:00. Abiba
  • Ondoren, DJ Biraola.

Uztailak 30, asteartea

  • Bertso-afaria Portu Erretegian. Iker Zubeldia eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak ariko dira kantuan; eta Ostolaza eta Lutxurdio, trikitilari modura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!