Gazteen elkargune izango da Aia, hirugarrenez

Karkara 2019ko uzt. 25a, 15:15

Abuztuaren 3an eta hirugarren urtez jarraian, Gazte Eguna ospatuko dute Aian. Bazkarirako txartelak salgai daude jada, Arruti tabernan. Aurten ere talde indartsuak taularatuko dira; En Tol Sarmiento, Kaotiko eta Modus Operandi.

Hiru zenbakiak esanahi berezia hartu du aurten Aian. Abuztuaren 3an eta hirugarren urtez jarraian, Aiako Gazte Eguna ospatuko dute. Herriko gazte asanbladaren eskutik, goizean hasiko dira ospakizun jarduerak; ume handientzako jolasak izango dira 11:00etan, taldeka. 14:30ean paella lehiaketa egingo dute Dema plazan, eta bazkalostean jarraituko du festak; iaz bezala, Elektrotxuflako kideak arituko dira herriko kaleetan barrena.

Gauean ere izango da zer gozatua. Aurten ere talde indartsuak igoko dira plazako oholtzara; hain zuzen, En Tol Sarmiento, Kaotiko eta Modus Operandi. Asanbladako kideek hala biribilduko dute udazkenetik gogoan izan duten egitaraua. Urrirako dagoeneko lotuta zituzten aurtengo kontzertuak, hiru urteko ibilbideak eman baititu fruituak irakaspenei dagokienean. Ez soilik irakaspen modura, baina; egutegian gorriz margotutako eguna bihurtu da Aiako Gazte Eguna, eta gero eta gehiago dira inguruko herrietatik bertaratzen diren gazteak. Egonkortze bidean da egitasmoa, beraz, eta antolatzaileek nabarmendu dute herritar ugarik jarri dutela beren alea prestakuntza lanetan.

Izen-emateak eta txartelak

Txartelak salgai daude dagoeneko, 10 euroan, Arruti tabernan. Prezio horrek barnebiltzen ditu kamiseta; paella egiteko arroza, olioa, eta gatza, edaria, kafea eta txupitoa. Herritarrek uztailaren 31ra arte izango dute txartelak eskuratzeko aukera. Bestalde, ume handientzako jolasetarako izen-ematea irekita dago, eta lau pertsonako taldeak osatu beharko dira.

Egitaraua

  • 11:00. Ume handientzako jolasak.
  • 14:30. Paella lehiaketa, Dema plazan.
  • 18:00. Elektrotxufla herriko kaleetan barrena.
  • 22:00. Kontzertuak, plazan: En Tol Sarmiento, Kaotiko eta Modus Operandi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!