Errenteriako Musika Bandaren emanaldia izango da Aian, urriaren 5ean

Karkara 2019ko ira. 23a, 12:54
Aiako kontzertuaren aurkezpena, iragan ostiralean. (Andrea Zipitria)

Herriz Herri Musikaz Historian Zehar ekimenak antolatu du kontzertua. Aitor Albistur bertsolariak eta Iker Casares abeslariak kantatuko dute Errenteriako taldearekin batera.

Urriaren 5erako, larunbata, hitzordu berezia jarri dute Aian: Errenteriako Musika Bandak kontzertua eskainiko du Gozategi plazan, 20:30ean. Herriz Herri Musikaz Historian Zehar ekimenak prestatu du emanaldia; izan ere, helburu du Gipuzkoako herri txikietan "musika eta herri horietako historia" uztartzen dituzten kontzertuak antolatzea, "ondare historikoan zehar musika-bidaiak proposatuz".

Hala, Aiako saioan Errenteriako Musika Kultur Elkarteko kideak igoko dira oholtza gainera. Azaldu dutenez, "arlo guztietan musika kultura zabaltzea" dute ardatz, baita elkarteak "bere proiektu eta ildo nagusiak osatzerakoan bete beharreko funtzio soziala" ere. "Hain zuzen, aipatu funtzio sozial hori du oinarri Herriz Herri Musikaz Historian Zehar proiektuak", diote. Besteak beste, "musika ekitaldiak ohiko agertokietatik ateratzea eta ez-ohikoak, desberdinak, diren kokalekuetara eramatea" da proiektuaren asmoa, "musika-doinuak eszenografia berritzaileekin hornituz".

Aiako kontzertuari dagokionez, "euskal musika eta musikagileen ibilaldi zabala" barnebilduko ditu. "Espazio eszeniko natural dotore" bilakatuko dute Gozategi plaza. Errenteriako Musika Banda aritu bitartean, pantaila erraldoia izango da atzealdean, eta Iñaki Erkizia argazkilariak prestatutako irudiak emango dituzte; hala nola, "Aiako une historikoak, baserriak edota gertakizunak".

Alain Aierdi izango da zuzendari lanetan, eta Errenteriako taldeko kideekin batera, Aitor Albistur bertsolariak zein Iker Casares abeslariak kantatuko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!