Euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzera dator Arnasa Gara ekimena

Karkara 2019ko urr. 1a, 14:30

Arnasa Gara proiektuaren aurkezpenean izan zen Aiako alkate Nekane Arrizabalaga, Aia ekimenean parte hartuko duten herrietako bat baita.

Arnasguneak euskarari hauspoa ematen lelopean, Arnasa Gara ekimena aurkeztu zuten atzo, astelehena, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema). Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egin zuten aurkezpena, Arnasa Gara egitasmoaren inguruko xehetasun guztiak aletzeko. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz jabetu daitezen.

Arnasa Gara proiektuak bi fase ditu, eta hiru osagai nagusi, hirurak hertsiki loturik: komunikazio kanpaina bat, herrietan egingo diren aurkezpen-ekitaldiak eta Kartzela serie digitala. Lehenengo fasean, arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko dute egitasmoaren sustatzaileek. Horretarako, ekimenaren berri emateko kanpaina bat jarriko dute martxan, eta hori baliatuko dute ekimena gizarteratzeko. Kanpaina horren barruan, Arnasa Gara ekimenaren osagai nagusienetakoa den Kartzela telesail digitala aurkeztuko dute, herriz herri. Orotara 22 udalerritan egingo dira saioak: tartean Aian.

Ekimaneren bigarren fasean, berriz, proiektua Euskal Herri osora zabalduko dute, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutarazteko helburuarekin.

Ikerketa abiapuntu
Arnasa Gara proiektua gorpuztu aurretik, arnasguneetako errealitatea hobeto ezagutzeko ikerketa bat egin dute egitasmoaren sustatzaileek. Prozesua amaituta, hainbat gogoeta atera zituzten proiektuaren sustatzaileek, geroko proiektua taxutzeko “oso baliagarriak” izan direnak.

Arnasa Gararen sustatzaileen hitzetan, soziolinguisten arabera, arnasguneak “bereziki garrantzitsuak” dira euskara indarberritzeko prozesuan. Hainbat arrazoi aipatu dituzte: “Arnasguneetako herritarrak eredu dira euskararen normalkuntzan. Erakutsi dute posible dela euskaraz bizi den herria, eta posible dela euskaraz egitea bizitzako esparru guztietan. Gainera, arnasguneetako erakunde asko eredu dira euskara administrazioan era trinkoan erabiltzeko orduan. Hizkera informalak eta naturalak hitz eta molde berriak ekartzen dizkio euskarari, hizkuntza batek ezinbestekoa duen berrikuntza ekarriz, egunero biziberrituz. Bestetik, bertako herritarrak gainontzeko euskaldunekin hizketan daudenean euskaraz aritzeko joera gailentzen da, euskara-ohiturak hedatzeko ahalmen handia dute”. 

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!