Irisgarritasuna hobetzeko neurriak hartu dituzte Aian

Karkara 2019ko urr. 9a, 10:30

Aurizenea eta Argimuño auzoa lotuko dituen pasealekua egin nahi du Aiako Udalak.Ohiko udalbatzarra egin zuten pasa den astean Aian, eta bi kreditu aldaketa onartu zituzten.

Aiako Udalak herrigunean hainbat aldaketa txiki egin ditu irisgarritasuna hobetzeko eta herriguneko auzoak lotzeko asmoz. Aiako alkate Nekane Arrizabalagak azaldu duenez, "hasiera batean neurri txikiak diruditen arren, helburu argia dute, herritarrak herrian lasai ibili ahal izatea. Izan ere, jakin badakigu herriko zenbait gunetan errepidera irten behar dela, oinezkoentzat edo gurpildun aulkientzat egokitutako pasabiderik ez dagoelako".  

Arazoari irtenbidea emateko azken hilabetean hainbat neurri hartu ditu Aiako Udalak. Alde batetik, herrigunea zeharkatzen duen errepidean gehienez 20 kilometro orduko abiaduran joan daitekeela zehazten duten seinaleak jarri dituzte lurrean. "Herrigunea oinezkook, txirrindulariek eta ibilgailuek partekatu behar dugu, eta garrantzitsua da errespetuz jokatzea".  

Bestetik, Armendigain auzotik pilotalekura eta plaza ingurura joateko errepidearen alde bat urdinez margotu dute, eta argiteria hobetu, oinezkoen pasabidea dela adierazteko. "Aiar asko bizi dira Armendigain auzoan eta pasabide hori asko erabiltzen da. Horrez gain, haurrek frontoian, parkean, dema-plazaren gaineko eremuan edota plazan jolas egiten dute. Beraz, garrantzitsua iruditzen zaigu eremu horretan oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea".

Pilotalekutik Etxetxora jaisteko aldapan eta eskaileratan ere hainbat aldaketa egin dituzte. Batetik, eskailera berria egin zuen udalak, eta bestetik, aldapako espaloiko baranda kanpo aldeko paretara iltzatu dute, espaloia zabalagoa izan dadin, eta gurpildun aulkiek bertatik pasatzeko aukera izan dezaten.

Pasealeku berria
Herriguneko hainbat gunetan irisgarritasun neurriak hartzeaz gain, Armendigaindik Argimuño auzora oinez joan ahal izateko pasabidea egin nahi du Aiako Udalak, eta horretarako, Aurizenea eta Argimuño auzoa lotuko dituen pasealekua egiteko proiektua du esku artean. Aurreko astezkenean ohiko udalbatzarra egin zuen Aiako Udalbatzak, eta bertan proiektua egin ahal izateko kreditu aldaketa onartu zuten. Hasiera batean, 40.000 euroko partida aurreikusita zegoen horretarako, baina kreditu aldaketa bidez 60.749 euro gehitu dizkiote, 100.749 euroko partida osatuz.

Igerilekua berritzeko proiektua ere estrategikoa da Aiako Udalarentzat, eta asteazkeneko ohiko bilkuran, 377.881 euro gehitu zizkioten igerilekuko lehen faseko lanak egiteko partidari, 643.611 euroko partida osatuz.

Kreditu aldaketak EH Bilduren abstentzioa jaso bazuen ere, koalizioko kideek azaldu zuten, "bide onetik doala" proiektua. "Kreditu aldaketaren botoa erabakita genuen, eta horregatik abstenitu gara. Dena dela, esan nahi dugu udalbatzarraren aurretik izan dugun bilerarekin oso gustura gaudela. Igerilekuko lanen proiektua azaldu digu teknikariak eta gure proposamenak egiteko aukera ere izan dugu bertan. Hasieratik esan genuen bezala, herriko proiektuetan partaide sentitu nahi dugu eta gaurko bilera horrela sentitu gara. Lanerako bidea da hori, eta elkarlanean jarraitu nahi dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!