PAPEREKOA

Emakumeak baserriaren motorra eta oinarria

Aiora LarraƱaga 2019ko aza. 1a, 13:00
Rosa Aramendi. (Utzitako argazkia)

Urriaren 15a, landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna izan zen, eta emakume horiek egiten duten lana aitorzeko eta ikusarazteko Aiako Agerresoro Handia  baserriko Margari Zubeldiarekin, Orortegiko Karmen Urbietarekin eta Saberriko Rosa Aramendirekin izan da KARKARA.

Landa eremuko biztanleriaren %48,02a emakumeak badira ere, emakume baserritarrek egiten duten lana ezezaguna da gizartearentzat, askotan, andreek baserriko lana etxe giroan, testuinguru informal batean egin izan dutelako.

Euskal Herriko baserri eredua bizi-iraupenekoa izan da tradizionalki, eta egun, gutxi dira baserritik bakarrik bizi daitezkeen familiak. 60. hamarkadatik aurrera gertatu zen lehen aldaketa nabarmena baserri giroan; gizartearen beharrak aldatu zirenean, gizon askok baserria utzi behar izan baitzuten, industrian lan egin eta soldata etxera ekartzeko. Horregatik, azken hamarkadetan emakumeak izan dira baserriko lanen ardura izan dutenak, baserriko motorra, eta bertako produktuak saltzeko arduradunak.

Horrela gogoratzen du haurtzaroa Margari Zubeldiak. "Ni Berrobiko baserri batean jaio nintzen. Aitak etxetik kanpo lan egiten zuen, eta amak kudeatzen zuen baserria. Ama emakume gogorra zen, baserrian jaioa eta beti lanerako prest zegoena; gure familiaren ardatza eta oinarria. Lan handia egin behar izaten zen baserrian, pentsa, gu haurrak ginenean, eskolara joaterako behiak biltzen genituen eskuz".

"Aitonak asko laguntzen zion amari, baina hura hil zenean, hiru anai-arreben artean zaharrena nintzenez, eskola utzi nuen, baserrian lan egiteko. Orduan amak eta nik hartu genuen baserriaren ardura".

Amarengandik ikasi zuen Zubeldiak baserria kudeatzen, eta gaztea zenean Andatzako Agerresoro Handia baserrira ezkondu zen. "Beti irudikatu izan dut nire etorkizuna baserri giroan. Txikitatik izan dut baserriko lanekiko grina. Amak esaten zidan, oso txikia nintzela, baratzera bidaltzen ninduela barazki bila; nire kapaxo txikia eta labana hartuta joaten omen nintzen". Oraindik ere, bere lanarekiko ilusioari bizi-bizirik eusten dio Zubeldiak. "Landa eremua maite dut, eta gozatu egiten dut baratzeko lanak egiten, animaliak zaintzen edo basoan egurra mozten". Orain kalean bizi beharko lukeela esanez gero, "asko sufrituko" lukeela aitortu du. "Kaleak gauza onak izango ditu, baina baserrian lasai eta aske sentitzen naiz. Hau da nire ingurua".

Baserriko bizimodua

Baserri mundua irudikatzen denean gizonaren figura nabarmentzen da beti, baina erreportajeko hiru protagonistek argi dute, emakume baserritarrek gizonezkoek bezainbeste lan, edo gehiago egiten dutela.

Baserriko lanez gain, etxeko eta zaintza lanen ardura ere izaten baitute. "Nik denetik egin izan dut baserrian. Azken hamarkadetan asko aldatu da baserriko lana, lehen fisikoagoa zela esango nuke nik. Dena dela, gaur egun, teknologia berriek baserriko lana erraztu duten arren, gainean egon behar da, ia 24 ordu".

Orortegiko Karmen Urbieta eta familia, esaterako, artzainak dira. "Urte osoan jarduten gara ardiekin lanean, baina lan karga handiena azarotik uztailera bitartean izaten dugu. Azaroan arkumeak jaiotzen hasten dira, eta ondoren gazta egiten hasten gara uztailera arte. Astean bi egun libratzen dugu gazta egitetik, asteazkenetan eta igandeetan. Bi egun horietan ardiak bildu behar izaten ditugu goiz eta arratsalde. Udaberrian ardiak mendira eramaten ditugu, eta bi astetik behin igotzen gara, ea dena ondo dagoen ikuskatzera. Ardiak larrean dauden bitartean, guk baserriko eta nekazal turismoko lanak egiten ditugu, beti baitago zeregina".

Azken finean, baserrikoa ez da lanbide soila, bizimodua dela argi dute emakume baserritarrek. "Hori da baserriaren erronketako bat. Bizimodu lotua da, 24 orduz egon behar delako gainean, eta gaur egun gizartearentzat garrantzitsua den aisialdirako denbora gutxi geratzen delako. Baserriaren bueltan osatu behar da etxeko bizimodua".

Emakume baserritarren elkartea

Baserriko emakumeek izaten zuten lan kargaz ohartuta, duela hamabi urte emakume talde batek Hitzez emakume baserritarren elkartea sortu zuen Urola Kosta bailaran. Urdanetako Saberri baserriko Rosa Aramendi izan zen horietako bat. Egun baserriko zereginak, etxetik kanpora egindako lanarekin uztartzen ditu Aramendik, eta urteetan Hitzez elkarteko ordezkaria eta emakume baserritarren ahotsa izan da. "Ni herrian jaio nintzen, baina nire gurasoak baserrian hazitakoak zirenez, txikitatik izan nuen harreman estua baserri giroarekin. Hala ere, ezkondu eta baserrira bizitzera etorri nintzenean, orduan ezagutu nuen emakume baserritarrek bizi zuten errealitatea. Konturatu nintzen bizimodu lotua zela, gogorra".

Azken hiru hamarkadetan gauzak asko aldatu badira ere, emakume baserritarrek tradizionalki "rol jakin batzuk bete" dituzte, eta horiek "belaunaldiz belaunaldi, zalantzan jarri gabe", transmititu direla uste du Aramendik: "Oinordekotza izatea oso garrantzitsua zen, horrez gain, etxeko lanak, baserriko lanak eta zaintza lanak ere emakumeak bere gain hartzen zituen. Lana, lana eta lana, besterik ez zegoen. Baserriari eustea zen garrantzitsuena, eta emakume baserritar askok betebehar hori beren buruaren gainetik jartzen zuten", azaldu du Saberrikoak.

Hala, rol banaketa horrekin ados ez zegoen emakume talde bat biltzen hasi zen. Ohartu ziren denek testuinguru antzekoa bizi zutela, eta ikusi zuten, ordura arte norberarenak ziren arazoak, kolektiboak zirela, emakume baserritar guztiek bizi zituztela, alegia. "Arazo horiek beste emakumeekin elkarbanatzeak indartu egin gintuen, nahiz eta etxera bueltatzen ginenean, gauzek beti bezala jarraitu. Lanketa horrek ahaldundu egin gintuen, eta handik aurrera urrats garrantzitsuak eman genituen".

Emakume baserritarrek, ordura arte landu gabeko gai garrantzitsu asko jorratu dituzte urte hauetan guztietan, tailer eta ikastaroen bidez, eta erakundeen aitortza ere jaso dute. "Isilpean gorde izan den errealitatea azaleratzen hasi ginen, eta oso begi onez ikusi zuen gizarteak, kaletarrek nahiz baserritarrek. Izan ere, hasieratik, argi utzi genuen emakume baserritarrari merezi duen tokia ematea zela gure helburua, gure lana ikusaraztea, baina sekula ez gizonezkoen aurka joatea".

Etorkizun ezezaguna

Gizon-emakume dikotomiatik harago, arazoaren oinarrian baserri munduaren gainbehera dagoela uste du Margari Zubeldiak. "Gizarteak ez du estimatzen baserritarron lana, baina zer izango litzateke gure Euskal Herria baserririk gabe? Zergatik ditugu inguru polit hauek eta produktu zoragarriak? Baserritarrok egiten dugun lana ezinbestekoa da gure Euskal Herri berde eta zoragarria mantentzeko". Iritzi berekoa da Orortegiko Karmen Urbieta ere: "Gizarteak konturatu behar du, daukagun ingurua baserritarroi esker dugula, bestela dena zikinak hartuko luke eta".

Agerresoro Handikoaren ustez, baserri mundua ez du aintzat hartzen gizarteak, eta halabeharrez, egun gero eta gutxiago dira baserritik bizi diren familiak. "Ni Andatzara etorri nintzenean baserri txiki pila bat genituen inguruan, baina gaur egun oso gutxi geratzen gara. Guk duela 20 urte pabilioi handia egin genuen, behi gehiago ekarri genituen, eta baserritik bizitzeko apustua egin genuen, baina abere kopuru oso handia behar da horretarako, esnea erosten diguten prezioan ez baita errentagarria ateratzen. Azken bi hamarkadetan ez da igo esnearen prezioa, baina bizimodua, eta pentsuen eta tresneriaren prezioa asko igo dira. Horrela, ezinezkoa da baserria mantentzea".

Argi dute baserriak etorkizuna izan dezan, gizartearen beharretan oinarrituko aukera berriak probatu beharko direla, bide berriak ireki. "Gu, esaterako, hutsetik hasi ginen. Senarrarekin baserria hartzea eta hortik bizitzea erabaki genuen. Aldaketa handia izan zen guretzat, baina pixkanaka bidea egiten joan gara. Ez genekien gazta egiten, eta ikastaroetara joanez ikasi genuen; Elizabet Arrillaga eta Karmen Esnaola artzainek ere asko lagundu ziguten". Gaur egun, Orortegiko gazta ezaguna da eta hainbat sari ere jaso ditu, baina ikasten jarraitzen du Karmen Urbietak. "Niri asko gustatzen zait egiten dudana; gainera, nekazal turismo bat ere badugu eta beti gaude jende desberdinarekin harremanetan. Oso aberasgarria da".

Zailtasunak zailtasun, baserriko bizimodua maite dute elkarrizketatutako hiru emakumeek, eta bertan ikusten dute beren etorkizuna. Orain arte egin duten bezala, uste dute "garai berrietara egokitzea" izango dela baserriak bizirik eusteko gakoa, baina beti, "emakume baserritarrei merezi duten tokia emanda".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!