Esti Markez: "Sorkuntza asko gustatzen zait eta ez dut baztertzen aurrera begira nire ibilbidea egitea"

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko aza. 18a, 09:00

Esti Markezek 2015ean zapaldu zuen lehengoz oholtza Mikel Markez aitarekin batera, Aian eskainitako kontzertuan. Lau urte beranduago, Errenteriako abeslariaren 'Biribilean' zuzenean grabatutako diskoan ahotsa jarri du. Haurra zenetik musika izan du bidelagun, eta, orain, lan berriaren aurkezpen kontzertuekin inoiz baino gehiago murgildu da bidean.

Nola murgildu zinen musikaren munduan?

Txiki txikitatik eduki izan dut musika gertu. Eskolan astero kantu saioa izaten genuen eta aita etxean izateak ere eragin handia izan du.

Mikel Markez duzu aita, nola bizi izan duzu musikari bat etxean izatea haurra zinenetik?

Oso barneratuta izan dut txikitatik nire aita abeslaria dela. Leku askotara lagundu izan diot eta era naturalean bizi izan dut beti.

Nola sortu zen aitarekin 'Biribilean' zuzeneko diskoan eta kontzertuetan parte hartzeko ideia? Aurrera Altsasu kantuarekin grabatu zenuten bideoak izandako hotsak eragina izan du?

Azken urteetan kantaldiak izan dituen leku askotara lagundu diot eta kantaren bat edo beste berarekin abestu ditut. Azken kontzertuetan eskainitako errepertorioaren bildumatxoa egin nahi zuen, eta  azken urteetan berarekin abestu izan dudanez, horrela sortu zitzaidan aukera.

Aurrera Altsasu kantaren bideoa, gure elkartasuna adierazteko helburuarekin grabatu eta eskegi genuen sare sozialetan, baina ez nuke esango eraginik izan duenik batera abesten jarraitzeko.

Azaroaren 3an eskaini zenuten 'Biribilean' lanaren lehenengo aurkezpen kontzertua Irurtzunen. Zer moduzko esperientzia izan zen zuretzat?

Egia esan, parte hartu nuen lehenengo kontzertua orain dela 4 urte izan zen, Aian. Kontzertu hura izan zen benetan oso berezia niretzat. Alde batetik, nire herrian izan zelako eta, gainera, aitarekin abesten nuelako jende aurrean. Aitarekin oholtza partekatzeko aukera izatea, sekulako zortea da niretzat.

Zer asmo duzu aurrera begira, zure ibilbidea hasteko ideiarekin zabiltza?

Momentuan momentukoa. Orain aitarekin oso gustura nabil eta horrela jarraitu nahi dut denbora batez, behintzat. Baina sorkuntza asko gustatzen zait eta ez dut baztertzen aurrera begira nire ibilbidea egitea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!