Aiako Udalak 376.000 euro bideratuko ditu inbertsioetara 2020an

Aiora LarraƱaga 2019ko aza. 19a, 10:30

Inbertsioen ataleko partida nagusia herriko irisgarritasuna hobetzeko erabiliko du udalak. Aiako Udalbatza osatzen duten bi udal taldeek aho batez onartu dituzte 2020ko aurrekontuak.

Pasa den astean, Aiako Udalbatzak 2020ko udal aurrekontua onartu zuen, aho batez. Aiako Udalak 2.533.613 euroko diru sarrerak aurreikusi ditu 2020rako, eta horietatik 376.000 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Diru poltsa horretako partida nagusia, 225.000 euro, herriko irisgarritasuna hobetzeko erabiliko dute, eta udalbatzarrean jakinarazi zuten, besteak beste, hurrengo lanak egin nahi dituztela 2020an: herriguneko aparkalekua konpondu, Armendigainen oinezkoentzat bidea egokitu eta Andatza auzoan lan batzuk egin.

Horrez gain, auzoetan inbertsioak egiteko 36.000 euroko partida aurreikusi dute, eta beste 70.000 euroko poltsa baserri bideak konpontzeko.

Azkenik, beste urteekin alderatuta, turismo ekintzetarako partida handitzea erabaki du Aiako Udalak. Aiako alkate Nekane Arrizabalagak azaldu zuenez, «urtean zehar herrian ekintza mordoa egiten ditugu, eta orain arte gordetzen genuen 15.000 euroko partida motz geratzen zitzaigun. Horregatik, 2020an 30.000 euroko partida izango dugu arlo horretarako».

Bestalde, Aiako Udalak herriko elkarteei eta eragileei dirulaguntzak ematen dizkie urtero, eta ohiko dirulaguntzez gain, 2020an Lur-Alkartasuna Kooperatibari 30.000 euroko laguntza ematea erabaki du erakundeak. «Herrian dugun zerbitzu bakarra da, eta udalak lagundu egin behar diola uste dugu». 

Aiako Udaleko kontu hartzaileak udalbatzarrean azpimarratu zuen udalaren aurrekontuak «kontserbadoreak» izaten direla. «Udalak ez du gastatzen duena baino gehiago, eta zor propiorik ez du».

Igerilekua berritzea

Igerilekua berritzeko lanak ahalbidetuko dituzten oinarriak ere ahoz batez onartu zituzten azaroko udalbatzarrean. Horien arabera, lehiaketa publikoa irabazten duen enpresak lau hilabeteko epea izango du igerilekuko obrak egiteko, eta aurrekontua 615.000 eurokoa izango da, BEZa barne. «Berezitasun bezala esan, esleipen prozeduran aspektu teknikoa alderdi ekonomikoa bezain beste hartuko dugula kontuan. Izan ere, arkitektoak azpimarratu du ur-jokoak oso elementu sensibleak direla  eta alderdi teknikoa oso garrantzitsua dela horien mantenu egokia bermatzeko». 

Bukatzeko, eskari-galderen atalean, udalbatzarra jarraitzen ari zen herritar batek hartu zuen hitza, eta herriaren etorkizunaz kezkatuta agertu zen: «Sasia gainera datorkigu Aian», esan zuen. «Batetik, garraio publikoarekin arazo larria dugu herrian, eta bestetik, etxebizitza ere garesti dago. Egun, Aian bizitzea Orion eta Zarautzen bizitzea baino garestiagoa da familia batentzat. Gai horiei heldu behar zaie».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!