Motor hotsekin agurtuko dute urtea Aian

Karkara 2019ko abe. 26a, 10:30

HITZAk urtero bezala Gabonetako gehigarria argitaratu du, eta halako artikuluak eta Gabon kantak daude bertan, besteak beste.

Aurten ere motor hotsarekin amaituko dute urtea Aian, abenduaren 31n V. Slaloma egitekoak baitira Ubegun Industrialdean. Aurreneko aldiz 2015ean antolatu zuten Andatza Auzoko Uhartemuño Elkarteko kideek, Lagun Artea Eskuderiarekin elkarlanean. Eta auto gidarien eta ikustera joaten diren herritarren aldetik izandako “harrera onak” urtez urte jarraipena ematera bultzatu ditu antolatzaileak.

Arkaitz Iruretagoiena, Azpikota, da ekitaldiaren bultzatzaileetako bat, eta oso gustura dago orain arteko ibilbidearekin. «Azken uneko burutazioa izan zen; beste hainbat herritan ere egiten dira horrelako slalomak, eta gu ere animatu egin ginen. Auto probak gustatzen zaizkigun lagun taldea bildu ginen, eta berriketan ari ginela, slaloma urtea amaitzeko egitasmo polita izango litzatekeela iruditu zitzaigun, eta aurrera egin genuen». Abenduaren 31 egun aproposa dela nabarmendu du, gainera, Ubegun industrialdea itxita egoten den urteko egun bakarretakoa delako.

Proban hogeiren bat parte-hartzaile izaten direla azaldu du Iruretagoienak, gehienak inguruko herrietakoak. “Ikustera, berriz, jende mordoa etorri ohi da”. Haren iritziz, slalomak “xarma berezia” du. “Zirkuitu bat osatzen da, eta ibilbidean zehar oztopo batzuk jartzen dira. Ibilbidea hasi baino lehen auto gidariei plano bat ematen diete oztopo bakoitza zein aldetatik zeharkatu behar duten zehaztuz, eta pilotuek hori ahal den denbora gutxienean osatu behar izaten dute”. Azkartasunaz gain, trebetasuna ere kontuan hartzen dute slalometan. "Akatsen bat eginez gero, zigortu egiten da pilotua, egin duen denborari denbora gehituz”.

Aiako Ubegun industrialdean izango da aurtengo proba ere, eta auto igoeretako prozedura bera jarraituko dute. Lehenik eta behin, 09:00etan, egiaztatze teknikoak eta administratiboak egingo dizkiete proban parte hartu behar duten autoei. 10:00etan, entrenamendu saioa egingo dute, eta ondoren erlojuaren aurkako saioak egingo dituzte, “hiru edo lau, parte hartzaile kopuruaren arabera”.

Parte hartu zozketan

HITZAren Gabon gehigarriko barruko orrietan zaku hori bat eta zaku urdin bat ezkutatu ditu. Olentzeroren eta Errege Magoen zakuak dira, eta noski, oparia dute barruan. Guztira sei sari: kilo bat antxoa buztinezko ontzian, Maisor artisau kontserben eskutik (2 sari guztira); eta Basa Lore txakolin sorta: Igartzeta txakolin botila bat, Basa Lore bi botila eta ardoa zerbitzatzekoa(4 sari guztira).

Parte hartzeko, deskargatu hemen Gabon gehigarria, aurkitu zakuak, eta bidali erantzuna urolakosta@hitza.eus helbidera, zehaztuta zein orritan eta non dauden zakuak. Parte hartzeko azken eguna urtarrilaren 7a da.

Ikusi hemen Gabonetako gehigarria eta parte hartu zozketan.

Zorte on!

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!