Bihar goizean jokatuko da Aiako IX. Mendi Lasterketa

Karkara 2020ko ots. 29a, 16:59

Parte hartzaileek 14,6 kilometroko ibilbidea osatuko dute Aiako Pagoeta Natur Parkean barrena. Euskalmetek egindako iragarpenen arabera, gaurkoaren tankerako eguraldia izango da biharko lasterketan. 10:30ean ekingo diote probari, Aiako plazatik.

Aiako Kirol Elkarteak antolatuta, Aiako IX. Mendi Lasterketa jokatuko da bihar, igandearekin Aiako Pagoeta Natur Parkean. Parte hartzaileek 14,6 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Aiako mendietan eta basoetan barrena, eta ibilbidea "zoragarria" dela nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, kirola eta natura maite dituzten herritarrak lasterketan parte hartzera animatu dituzte.

Lasterketaren aurretik, izena emateko aukera zabalduko du Aiako Kirol Elkarteak. Azken egunera arte itxaroten duten kirolariek 25 euro ordaindu beharko dute mendi lasterketan parte hartzeagatik.

Aurreikuspen meteorologikoa

Euskalmetek bere webgunean adierazten duenez, gaurko eguraldiaren tankerakoa izango da biharko lasterketan. Goizeko lehen orduan hego-haizea izango da, tarteka ufada handiekin. Hego-haizeak giro epela eta lehorra ekarriko du goizean. Eguerdi aldera, frente berria sartuko da, haizeak mendebalde eta ipar-mendebaldera biratuko du, eta ondorioz, prezipitazio batzuk izango dira. Temperaturak ez du aldaketarik izango, gaurkoarekin alderatuz gero.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!