Martxoko zubirako jarduera sorta antolatu du Iturraran parketxeak

Karkara 2020ko mar. 9a, 12:55

Agorregiko burdinola eta errotak martxan ikusteko, Altxorraren bila orientazio zirkuituan parte hartzeko eta Taichi-Chikung saioaz gozatzeko aukera izango da.

Udaberria iristear da, eta Pagoeta Parke Naturalaz gozatzeko hainbat egitasmo antolatu ditu Iturraran parketxeak. Martxoan abiatu dituzte Agorregi burdinola eta errotak ezagutzeko bisita gidatuak, eta errotak martxan ikusi nahi dituztenek horretarako aukera izango dute hilaren 19an 22an, 11:30etik 12:40era bitartean.

Horrez gain, hilaren 19an, ostegunarekin, Altxorraren bila orientazio jolasa egingo dute Iturraran lorategi botanikoan barrena. Goiz partean izango da jarduera, eta orientazio zirkuituan parte hartzen dutenek naturan orientatzen ikasteko eta ingurua ezagutzeko aukera paregabea izango dute. Adin guztietako herritarrei zuzenduta dago zirkuitua, eta bertan parte hartzeko haurrek 2,5 euro eta helduek 5 euro ordaindu beharko dute.

Bestetik, hilaren 22rako, igandearekin, Iturrarango lorategi botanikoan Taichi-Chikung saio berezia antolatu dute, 11:00etatik 13:00etara. Jose Fermin Asiain eta Pello Almandoz irakasleek gidatuko dute saioa. Taichi-Chikunf jardueran parte hartu nahi dutenek 7 euro ordaindu beharko dituzte.

Azken bi jardueretan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzita.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!