Lanak utzi eta elkarretaratzea egin zuten emakume baserritarrek

Karkara 2020ko mar. 9a, 19:32

Atzo, martxoak 8, Hitzez elkarteko partaideek irteera egin zuten Zugarramurdira, eta bertako emakumeekin batera, elkarretaratzea egin zuten "Berdintasunik gabe, bakerik ez" lelopean. Aiako baserritarrak bertan izan ziren.

Atzo, martxoak 8 igandea, Hitzez elkarteko emakumeek irteera kulturala egin zuten Zugarramurdira. Hara iritsitakoan, bertako emakume baserritarrekin elkartu ziren elkarretaratzea egiteko. "Berdintasunik gabe, bakerik" leloarekin egin zuten aldarrikapena, eta emakumeek gizartean jasaten duten bortizkeria salatu zuten.

Ana Mª Eizagirre Hitzez elkarteko presidenteak elkarretaratzeak egitearen garrantzia azpimarratu zuen: "Baserritarren lanbidea oso bakartia da. Elkarrekin egon eta egoerak partekatzeak, ulertuta sentitze hutsak, babes izugarria ematen digu. Halako irteerekin arnasa hartzen dugu, eta indarberritu ere egiten gara, eguneroko bizitzarako gogoa eta grina izateko".

Elkarretaratzea bukatutakoan, Zugarramurdiko kobako bidea egin zuten elkarrekin, eta segidan, bazkaltzera joan ziren.

Hitzez elkarteak hainbat ekintza antolatzen ditu urtean zehar, eta emakume guztiak gonbidatu ditu horietan parte hartzera. www.hitzez.net webgunean informazio gehiago topatu daiteke.

 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!