Iñaki Lopategiren idi-pareak irabazi du Aiako Kintopeko Idi Proba

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko mar. 10a, 10:19

Olidenen eta Lopategiren arteko lehiak ikusmina sortu zuen idi-proba zaleen artean, eta asteleheneko saioan 400 lagun inguru bildu ziren Aiako probalekuan.

Argazkiak: Ibon Errazu

Ostiralean jokatu zen Aiako XXII. Kintopeko Idi Probetako lehen saioa, eta atzo eman zioten bukaera txapelketari. Antolatzaileek azaldu dutenez, astelehen gauean marka guztiak hautsita irabazi zuen norgehiagoka Iñaki Lopategi mungiarraren idi-pareak, 59 plaza, 5 zinta eta 0,68 metro eginda. Bigarren sailkatu zen Iñaki Oliden oriotarra, eta azken honek aitortu duenez "lehia estua" izan zen bien artean. "Lopategiren idiak Aiako Erreizta baserrikoak ziren. Duela hilabete Azkoitian jokatu zen apustu batean oso lan ona egin zuten, eta Lopategik erosi zizkion Erreiztari. Gero, desafioa bota zidan, elkarren aurka apustua jokatzeko. Ni ez naiz apustuzalea, eta ezezkoa eman nion, baina gure arteko lehiak ikusmin handia sortu zuen idi-proba zaleen artean", aitortu du Olidenek.

Hala, ostiralean jende gehiegi bildu ez bazen ere, azken eguneko saioan 400 bat lagun izan zirela azpimarratu dute antolatzaileek: "Asteleheneko saioan giro ezin hobea izan zen Aiako probalekuan eta norgehiagoka estua ikusteko aukera izan zuten bertaratu direnek".

Egindako lanarekin gustura
Kintopeko idi-proban bigarren sailkatu bazen ere, Iñaki Oliden "oso gustura" dago bere idi-pareak Aian egin zuen lanarekin. "Azken asteetan pneumoniarekin izan du idi bat, eta bestea hankan min hartuta. Nahi baino egoera kaxkarragoan iritsi gara probara, horregatik oso gustura nago idiek egin duten lanarekin».

Horrez gain, oriotarrari mungiarraren aurretik plazara ateratzea egokitu zitzaion zozketan, eta horrek ere eragina izan zuela uste du Olidenek, "aurkariaren erreferentzia izateak beti laguntzen du", baina ez du aitzakiarik jarri nahi, "diferentzia txikia izan bada ere, 5 zinta eta 0,68 metro gehiago osatu baititu Lopategiren idi pareak. Txapela irabazi dute".

SAILKAPENA

1.- Iñaki Lopategi (Billeta): 59 plaza, 5 zinta eta 0,68 metro

2.- Iñaki Oliden (Orio): 59 plaza

3.- Bixkiak (Errezil): 51 plaza

4.- Tabernakua (Oromiño): 50 plaza

5.- Olatzar (Lezo): 49 plaza

6.- Laski (Billeta): 28 plaza eta 0,30 metro

 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!