Herri handiak ala txikiak, egoera berdintsuan biak

Mireia Galarza 2020ko api. 7a, 11:00

Aian, Beizaman eta Errezilen bizi dira, hurrenez hurren, Arantxa Eizmendi, Idoia Urtuzaga eta Jone Irulegi. Konfinamendu egoera ere iritsi da herri horietara, eta eragina izan duela adierazi dute.

Une oro eta edonon ikus daitezke koronabirusak utzitako irudiak. Munduko hiririk handienak hutsik daude azken asteotan, eta horrek, nahitaez, egoeraren garrantziaz jabetzera derrigortzen gaitu. Hala ere, ez da urrutiko kontua, etxetik ateratze hutsaz konturatu gaitezkeelako eskualdeko herrietan ere gauza bera gertatzen ari dela. Etxetik ateratzeak eskaintzen digun askatasuna opari onena izan daiteken garaiotan, ziurrenik, aurretik erreparatzen ez genien inbidia puntuarekin begiratuko diegu herri txikienetan bizi direnei. Mendiz inguratuta daude gehienak, eta, horrek, etxe atarian ibiltzeko askatasuna eman dezake. Horregatik, pentsa genezake mundu osoan zabaldu den birusak eremu horietan ez duela hainbeste eragin eduki.

Dena den, garbi geratu da koronabirusak ez duela mugarik, eta, beste edozein lekutan bezala, COVID-19 gaitza saihesteko neurriak hartu behar izan dituzte herri txikienek ere. Urola Kostan badira horietako hainbat eta tartean dira, besteak beste, Aia, Beizama eta Errezil. 2019ko datuen arabera, 2.054 biztanle ditu Aiak, 143 Beizamak eta 585 Errezilek. Herri horietako biztanleak dira, hurrenez hurren, Arantxa Eizmendi, Idoia Urtuzaga eta Jone Irulegi. Era batera edo bestera, egoerak hiru emakumeei eragin die beraien eguneroan, baina nola bizi dute konfinamendu egoera? 

70 urte ditu Eizmendi aiarrak. Jubilatuta dago orain dela hainbat urtetik, eta belauneko konplikazio batzuk medio, normalean ere ez da askorik ateratzen kalera. Hala eta guztiz ere, albistegiak-eta egunero ikusten dituela dio, eta egoerak duen konplexutasuna handia dela adierazi du. Baina aiarrak «lasai» dagoela dio, ez baita berarentzat egunerokoa asko aldatu. 

Urtuzaga Beizamako Ostatu Zaharreko arduraduna da, eta, alarma egoeraren ondorioz, herrian «aldaketa handia» nabaritu dutela aitortu du. Gainera, bere hitzetan, Beizamako biztanleek ezohiko egoera «beste edozein herritan bezala» bizi dute, herriko zerbitzu gehienak itxi baitituzte, beraien taberna barne.  Irulegi, aldiz, Errezilen bizi da, eta herriko janari dendan egiten du lan. Haren arabera, «herrian ez dabil inor, eta hala badabil, erosketak egiteko izaten da». Horrez gain, herriko elkarte eta jatetxeak ere itxita daudela adierazi du errezildarrak. 

Hiru emakume, hiru egoera
Hiru emakumeen egoerak oso ezberdinak dira. Izan ere, Eizmendik eguna etxean pasatzen du, ez delako lanera ateratzen. Etxeko lanak egiten ditu aiarrak, eta, ondoren, etxe atarian paseatzeko aprobetxatzen du. Urtuzaga ere ez da lanera joaten, baina, kasu honetan, ez berak hala erabakita. Ostalaritza zerbitzua ez da beharrezkotzat hartzen, eta taberna ixtea tokatu zitzaion joan den martxoan. Horren ondorioz, bazkari eta afari guztiak bertan behera geratu zaizkio, baita lengusu-afari bat edo beste ere. Tabernariaren arabera, gainera, oso hilabete garrantzitsuan iritsi dira ezohiko neurriak. Izan ere, jaunartze garaia izanda, bazkariak ere bazituztela aitortu du. Are gehiago, Aste Santua gertu samar izanda, eragin «nabarmena» izango duela uste du tabernariak. «Aldaketa handia izan da guretzat», dio beizamarrak. 

Irulegi errezildarrak, aldiz, beraien dendan normalean baino «erosle gehiago» debilela nabarmendu du. Belen Esnaola lankidearekin batera, herrian irekita mantentzen den zerbitzu bakarrenetako bat eskaintzen dute, eta, gainera, beraien kasuan ez dute ordutegian aldaketarik egin: «Normaltasunez jarraitzen dugu lanean, eta goizez eta arratsaldez irekitzen dugu denda herritarrentzat». Horrez gain, egoera xelebrea dela eta, dendara joan nahi ez dutenentzat ere eskaintzen dute zerbitzua. «Behar dutena saskietan sartzen diegu, eta denda itxi berritan etortzen dira beraien erosketak hartzera eta ordaintzera», gaineratu du dendariak. Irulegiren hitzetan, arrazoi ezberdinengatik prestatzen dituzte erosketak: «Batzuk ezinduta daude eta besteek ez dute nahi gainontzeko herritarrekin elkartu». 

Arauak betetzen
Bakoitzak konfinamenduko egoera desberdina izan arren, hiru emakumeek fin-fin betetzen dituzte Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoeraren arauak, bakoitzak bere erara. Eizmendi, adibidez, ez da kalera ateratzen eta, gainera, horretarako «inolako presarik» ez duela aitortu du. Erosketei buruz galdetuta, alabak egiten dizkiola gaineratu du. Izan ere, Aiako janari dendan egiten du alabak lan, eta berak eramaten du beharrezkoa den guztia etxera. Irulegik, lankidearekin batera, hainbat prebentzio neurri hartzen du dendan. Adibidez, maskara eta plastikozko eskularruak erabiltzen dituzte, kutsadura kasuak saihesteko. Gainera, bezero bakoitzarekin egon ondoren, eskuak garbitzen dituzte, gehienbat, bilete eta txanponen trukeagatik. Horrez gain, beraien denda txikia denez, saltoki barruan pertsona bat egotea gomendatzen dute, eta atzetik daudenek kanpoan itxaron behar izaten dute, elkarren artean metro bateko distantzia utzita. Sarreran, bestalde, desinfektatzailea jartzen dute, dendan sartu aurretik eta gero bezeroek eskuak garbi ditzaten. 

Eskuetako desinfektatzailea izan da, zehazki, Errezilgo herriko dendan ohikoa baino gehiago eskatu duten produktuetako bat. Normalean alkohol botilatxo gutxi saltzen dituztela dio Irulegik, baina konfinamendu egoerarekin, kaxa oso bat agortu zitzaiela esan du. Erosketa masiboei buruz galdetuta, dendariak nabarmendu du herritarrek «gehiago» erosten dutela, elikagaiek etxean denbora gehiagoz iraun dezaten. Gaineratu du hasierako egunetan errezildarrek esne ugari erosten zutela, baina orain fruta eta pasta direla gehien saltzen dituzten produktuak. Dendariaren arabera, gainera, saiatzen dira beti produktu guztiak edukitzen, herritarren beharrei aise erantzuteko. 

Egunerokoan ere aldaketak
Egunerokoa erabat aldatu zaiona Urtuzaga da. «Konfinamendua hasi aurretik egunero Azpeitira jaisten ginen erosketak egitera», dio tabernariak. Ondoren, taberna irekitzen zuten, eta janaria prestatu eta zerbitzatu ostean, bazkalosteko kafeak ematen zituztela dio beizamarrak. Tabernariaren hitzetan, gainera, «inguruko herrietako» jendea ere joaten zen beraien tabernara kafea hartzera, eta hori guztia geldirik dago orain, ezin direlako elkartu. Egoerari aurre egiteko alternatiba moduan, jatetxe batzuk otorduak etxeetara eramateko aukera aprobetxatu dute, baina Urtuzagaren hitzetan, zerbitzu hori ez litzateke «errentagarria» izango Beizaman. Orain, taberna itxita, beste hainbat lan egiteko aprobetxatu du Urtuzagak: «Tabernako hainbat txoko garbitzeko baliatzen dut denbora». Egunero zerbait egiten saiaatzen dela dio tabernariak: «Egun batean sukaldea, bestean izozkailua… beti topatzen dut zerbait». Oraingoz, gainera, egoerak luze joko duela iruditzen zaio, eta, gutxienez, maiatza iritsi arte ez dela ezer normaltasunera itzuliko. Horregatik, tabernariaren arabera, momentuz, bere familia etxean geratuko da.  

Familiarekin bizi da Eizmendi ere. Senar-emazteak eta seme-alabak bizi dira elkarrekin, eta momentuz, familiako beste kideekin telefono deien edo sare sozialen bitartez mantentzen dute harremana. Ahots tinkoz azpimarratu nahi izan du aiarrak, gainera, baserrietan bizi diren arren, bisitak egitera ez dela inor gerturatzen. «Bakoitza egon behar duen lekuan dago orain, hori tokatzen zaigu», dio Eizmendik. Aiarrararen arabera, egoera honek ekonomiari ere eragingo dio, baina ez du uste inguruan eragin askorik izango duenik. Izan ere, haren hitzetan, Aiako herrian ez daude baserritik bizi diren familia asko. Haien kasuan, ardi batzuk eta hainbat poni dituzte, baina ez dute etekin ekonomikorik ateratzen horietatik. Beizamaren kasuan, Urtuzagak dio «galera nabarmenak» aurreikusten dituztela. Gainera, momentuz, ez dute laguntzarik jaso, eta ez du uste jasoko dutenik.

Horregatik, egoera berezia ahalik eta azkarren pasatzea nahi du beizamar tabernariak, berriro ere normaltasunera itzultzeko. Eizmendiren ustez, egoerari «laster» emango diote buelta; izan ere, 70 urte izanda, beste hainbat historiako pasarte bizi izan dituela dio, eta azken hau beste bat baino ez dela. Horretarako gakoa, ordea, ohitura batzuk aldatzean dagoela dio aiarrak. Zalantzarik gabe, Eizmendiren filosofia baikorra bereganatu beharko dute herritarrek, guztion ardura baita, herri txiki zein handi, birusari aurre egin eta normaltasunera ahalik eta azkarren itzultzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!